Mikel Oyarzabal: "Autoa gurutzatzeko gogoz gaude pilotuak"

Imanol Beloki Unamuno 2019ko mai. 13a, 09:33
Mikel Oyarzabal Eskoriatzako pilotua.

Maiatzaren 18an izango da Eskoriatzako autoen proba estazio zaharrean. Aurten, bigarren edizioa izango da, eta oraindik aukera dute pilotuek izena emateko.

Iaz egin zen Eskoriatzako lehenengo eslalom txapelketa, eta kono artean erakustaldi ederrez gozatu ahal izan zuten bertaratu ziren ikusleek. 24 pilotu batu ziren, eta motor hots zaratatsuak, goma erre usaina eta ke ugari batu ziren estazio zaharreko aparkalekuan. Hala, izandako arrakastaren ondorioz, aurten berriro antolatzea erabaki du Eskoriatzako Udalak, Eskoriatzako Goitibehera Zaleak taldekoen eta Azpeitiko Lagun Artea eskuderiakoen laguntzarekin.

Iaz, lehenengo edizioa izan zen, baina arrakastatsua, ezta?

Iaz, autoa hautsi gabe bukatu nuen; gurpil batzuk erre genituen, oso ondo pasatu genuen, eta gustura aritu ginen erakustaldia ematen. Eskoriatzako pilotuak ez gara ari antolakuntza lanetan, baina zaletasun hau dugunon guraso guztiak bertan ari dira, eta uste dut arrakasta hortik datorrela. Gu gustura ikusten bagaituzte, beraiek ere gustura geratzen dira, eta, hala, berriz, antolatzeko gogoz egoten dira, eta gu, berriz, beti prest.

Hori horrela, izen-ematea zabalik dago dagoeneko?

Apirilaren 19an ireki zen izenematea, baina, oraingoz, gutxi batzuek eman dugu izena. Aste honetan bost pilotuk bakarrik eman dutela esan didate. Hala ere, halakoetan beti gertatzen da gauza bera, azken unera arte itxaroten dute pilotu guztiek. Eskoriatzako hainbatek eman dugu izena, eta bertakoak zenbat eta gehiago izan, orduan eta herriko ikusle gehiago batuko direla esango nuke. Eskoriatzatik, Gorka Urrutia, Unai Jurado eta ni, behintzat, bertan izango gara. Hala ere, Euskal Herriko beste lasterketa batzuetatik ezagutzen ditugun pilotuak ere etorriko dira parte hartzera.

Ez dakienarentzat, zer egiten da halako proba batean?

Eskoriatzan egiten den bigarren aldia denez, lehenengo edizioko ibilbide bera ez dute jarriko, nahiz eta leku berean egingo den. Eslaloma, lasterketa baino gehiago, erakustaldia izaten da, eta proba ezberdinak pasa behar izaten ditu pilotuak. Esaterako; bi kono jarri eta zortzi bat egitea, kono baten bueltan zero bat egitea… Autoan baino gehiago, norberaren abilezian dago gakoa; azkar ibili behar da eta ondo derrapatu, baina ez da dirudien besteko samurra. Esku ona behar da kono guztiak aurretik ez eramateko.

Iaz sustoa ere izan zenuen, gainera?

Hala da. Larregi gerturatu nintzen espaloira eta bertan ordezko kono batzuei eman nien autoaren atzeko aldeaz. Konoak jendearen gainera jausi ziren, baina ez zen ezer larririk gertatu. Kontuz ibili beharra dugu pilotuok, baina ikusleak ere larregi gerturatzen dira askotan, eta hori ere ez da komeni.

Beraz, erakustaldia emateko gertu?

Bai, noski. Autoa gurutzatzen aritzeko gogoz nago. Ea ikusleek gustuko duten, pilotuok ere disfrutatzen dugun eta egun borobila irteten den.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak