Joserra Zubizarreta: "Agintaldi honek erakutsi digu nondik nora jo behar dugun"

Imanol Beloki Unamuno 2019ko mai. 23a, 07:00

Joserra Zubizarreta EAJ Eskoriatzako alkategaia Gorosarri plazan.

Agintaldia bukatzear dela, prest dago Joserra Zubizarreta Alegria (Eskoriatza, 1955) bigarrenerako. Lanbidez, Arizmendi ikastolako Almen guneko irakaslea izan da urte askoan, eta lau urte hauetan alkate moduan izandako esperientzia "positiboa eta aberasgarria" izan dela adierazi du.

Eskoriatzako alkate moduan lau urtez. Nolako esperientzia izan da?

Oso esperientzia positiboa izan dela aitortu behar dut, asko ikasi dut eta nire onena ematen saiatu naiz. Zehazterakoan, herritarrekin izan ditudan harreman zuzenak azpimarratuko nituzke, oso aberasgarria da gure herri-proiektua partekatu eta kontrastatu ahal izatea. Era horretako prozesuetan norberak asko ikasten du.

Alde negatiboan, aldika izandako eguraldi kaskarrekin sortutako arazoak aipatuko nituzke… bidegorriaren ezpondaren zati bat jauzi zenean adibidez, edo izan genituen ur-etorriak Intxaurtxuetan eta Dorleta auzotan.

Bigarren agintaldirako aurkeztuko zara; gustura egon zaren seinale...?

Bai, halaxe da. Esan dudan moduan esperientzia ikaragarri polita izan da. Ohore bat izan da eskoriatzarren zerbitzura egotea.

Zeinek eta zela konbentzitu zintuen berriz aurkezteko?

Alderdiak eskatu zidan eta hemen nago berriro. Baina esan beharra daukat azkeneko hilabete hauetan jende askok kalean gelditu eta ia errepikatu behar nuen galdetu izan didala euren animoak emateko. Eta azkenik, agintaldi honetan egon den ekipoa; jarraitzeko gogoa erakutsi zuenez ba aurrera.

Etxekoek nola hartu dute? Ez dizute trabarik jarri?

Egia da etxekoen jarrerak erabakia hartzen lagundu didala. Beti ondoan izan ditut, beti laguntzeko eta animatzeko prest, nahiz eta jakin udal lanetan ematen duzun denbora haiei kentzen diezula.

Independente moduan, EAJn afiliatu barik egon arren zure aldeko apustua egiten du alderdi jeltzaleak. Horrek ere lagunduko zizun erabakia hartzen?

Eskertzekoa da, EAJ alderdiak berriro nigan jarri duen konfiantza, niretzat ohore bat da. Gainera lehen udal lanetan egon den taldea oso-osorik errepikatzeko azaldu zen, eta horrek asko esan nahi du.

Gure zerrendan gehienok gara independenteak, bai lehenengokoak bai fitxatu ditugun berriak. Horrek gure proiektua sendotu eta aberastu egiten du. Hemen proposamen guztiak eta iritzi anitzak ongi etorriak dira, Eskoriatza hobetzeko balio baldin badute.

Zein proiektu aurrera eraman nahiko zenuke berriro ere alkate bazina?

Programa egina dago aspalditik, lau urte hauek erakutsi digute nondik nora jo behar dugun. Herritarrek eta herriko taldeek eman digute nondik norakoak. Hortik aurrera hausnarketa bat egin eta lehentasunak markatzea izan da bidea.

Herriak dituen baliabideak eta azpiegiturak hobetzen eta berritzen jarraituko dugu, legealdi honetan egin dugun bezala: haur parkeak, kirol guneak, argiteria sarea, bidegorria…

Horrekin batera oso garrantzitsua jotzen dugu parte-hartze eta elkarbizitzarako ekimenak. Eskoriatzan guztion artean egin beharra daukagu. Bide horretan guztion iritziak kontuan izan behar dira, norberaren ikuspuntuak inposatu gabe.

Beste arlo bat jasangarritasuna da. Esate baterako, legealdi honetan landu dugun Ur Agentziarekin elkarlana martxan jarri nahi dugu, gure erreka ondo kudeatzeko, eta erosketa berdeari bultzada handi eman nahi diegu.

Azkenik, gizarte zerbitzuetako arloa oso kontuan izateko da. Bai Foru Aldunditik bai Udalatik berdintasun eta integrazio proiektuak sendotzen jarraitu behar dugu. Ez dugu inor atzean utzi nahi.

Eta bukatzeko lau urte hauetan egin dugun moduan Elizateetakoekin elkarlana bultzatzea. Benetan esperientzia aberasgarria izan delako.


Zure herrian zure agintaldian egindako ze gauzagatik zaude bereziki pozik, gustura edo harro?

Aipatu moduan, herritarrekin izandako hartu-emana, erakutsi didaten gertutasuna eta Eskoriatza hobeto ezagutzeko izan dudan aukera paregabea.

Zure herria nolakoa den, ze ezaugarri dituen… kanpoko bati azaldu beharko bazenio, ze kontatuko zenioke?

Eskoriatza herri txikia izanik handitasunez beteta dagoen herria dela. Oso ondo komunikatuta dagoen herria dela, jende zoragarria bizi dela bertan. Ekintza aldetik, inguruneagatik… merezi duen herria dela. Natura eta herria bertatik bertara bizitzeko moduan egongo dela. Ekintza ugari dituen herria, tradizio eta berritasunak uztartzen dakien herria dela…

Alkate 24 orduak? Deskonektatzen duzu? Nola?

Ba zaila. Herri txikia gara onerako eta txarrerako. Udala 24 orduz, urteko 365 egun zabalik dago, edozein arazo bideratzeko prest egon behar dugu eta, arlo honetan, udal langileen dedikazioa eta konpromisoa azpimarratu nahiko nuke, beti lan egiteko prest, beti ideiak emateko gertu.

Hori esanda, mendia da deskonektatzeko erabiltzen dudan errekurtsoa. Eta horrekin batera familian eta lagunartean egotea geroz eta gusturago hartzen ditut. Irakurtzeak ere laguntzen dit.

Ikusi dituzu Espainiako hauteskundeetako hautagaien debateak? Ze iruditu zaizu?

Osorik ez. Ikusi eta entzun dudanagatik onena Aitor Esteban izan da. Hortik aurrera uste dut ikuskizuna ematera joan zirela politikaz hitz egiteaz baino. Eskerrak Euskadin gauzak beste era batera egiten direla.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako emaitzak zer iruditu zaizkizu?

Euskadin emandakoari buruz ari bazara, oso onak. EAJ irabazi zuen hiru lurraldetan eta datozen lau urtetan 6 diputatu eta 10 senatari izango ditugu euskal agenda gauzatzen jarraitzeko. Lehen esan dudan bezala, Espainiako alderdiak ez bezala, kanpainan EAJ ez da iskanbilatan sartu, eta herritarrei zer egin nahi zen garbi azaldu zitzaigun, pentsioak igotzea lortu zen bezala. Jendeak bere konfiantza eman digu.

Zure alderdiak non, zein alorretan, eragin nahi du bereziki datozen lau urteotan?

Nik ordezkatzen dudan alderdiaz ari zara ez?.Madrilen diozu? Hartutako konpromisoak betetzen saiatuko dira. Lehen aipatu dudan euskal agenda delakoa, oraindik ekartzeko dauden transferentziak, gizarte segurantzaren kudeaketa barne, klima aldaketa moteltzeko neurriak…, politika progresistaren aldeko apustua egingo dute, beti egin duten moduan. Eta beti Euskadiri begira.

Eskuin muturrekoen gorakada… Ze iruditzen zaizu?

Urteak dira, bai ezkerreko anti-sistemak bai ultra-eskumako alderdiak, demokrazi eta alderdien sistema zalantzan jarri nahi izan dutela, gogor kritikatuz gainera. Fenomeno horiek populismo horren ondorioak dira.

EAJ Eskoriatzaren zerrendan, lehen 8 lekuetan 5 dira emakumeak. Nabarmentzekoa eta beharrezkoa emakumeen presentzia?

Alderdiek, eta kasu honetan, guk aurkezten dugun udal zerrendak gaur egungo gizartearen irudia izan behar dute. Nik normaltasunaren seinale jotzen dut. Baina hau ez da oraingoan, soilik, bukatzen ari garen agintaldian hiru emakume eta bi gizonezko gaude. EAJ-k 1979 eta 1983ko agintalditik emakumeak izan ditu udal taldean, lehen emakume zinegotzia Mª Cruz Oianguren Zabala izan zen.

Partaidetzazko programa eskaini nahi duzue. Herritarrek egiten dituzte eskaerak? Herrigintzarako prest daude?

Gu izan ginen herri honetan lehenengo kontsulta egin genuenak, zabor bilketa sistema erabakitzeko, hiritarrek erabakitzen zutena errespetatuko genuela esaten. Eta horrela jarraitu dugu legealdi osoan: Hiri Berritze Plana, Eskoriatzak Merezi Du ekimena… Guretzat herri-partaidetza ezin bestekoa da herria eraikitzeko eta horrela jarraituko dugu.

‘Partxis’ parkea, Santa Ana eta Santa Marina arteko gunea… horiek egiteko daude, baina, proiektu berririk baduzue buruan?

Bai, asko gainera. Aipatzekotan, kiroldegian egin nahi dugun kanpoko igerileku berria, edota San Pedro auzoko goiko parkearen birmoldaketa izango dira ikusgarrienak. Baita ere Dorletako haur jolas berria ere.

Kirolari dagokionez, Manuel Muñozeko eskaintza ere handitu nahi duzue. Beharra dago?

Guk uste dugu kirola, kultura ekintzekin batera, tresna handiak direla gure gazte zein nagusiei aisialdi aukerak emateko. Horregatik herriko kirol elkarteekin harremana eta elkarlana sendotzen jarraituko dugu.

Martxan jarri nahi dugun beste proiektua kirol eta osasun aholkularitza programa da. Bertan adituak diren teknikariak, zein kirol edo aktibitate mota den egokiena pertsona bakoitzari erakusten arituko dira. Agintaldi honetan abiatzeko asmoa geneukan, baina astirik ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak