Domeka honetan da Atxorrotxeko eguna

Imanol Beloki Unamuno 2019ko mai. 3a, 11:52

Atxorrotxeko Gurutze Santuaren ermita.

Maiatzeko lehen domekan Atxorrotxeko eguna ospatuko da. Aurten, gainera, Puntaik Punta Debagoieneko bidezidorren jaialdirekin bat egiten du egunak, eta goizean, Atxorrotx mendira igoera egin ostean, ospakizunak herrian jarraituko du arratsaldean.

Maiatzeko lehen domekan izan ohi da Atxorrotxeko eguna, eta aurten ere hala izango da, ez du hutsik egingo. Hori horrela, etzi, domeka, 738 metro dituen Atxorrotx mendiko tontorrera igoko dira herritarrak Eskoriatzako mendiaz gozatzeko. Aurten, gainera, Puntaik Punta Debagoieneko bidezidorren jaialdia ere izango da, eta Atxorrotxen ohi baino ekintza gehiago izango dira eguerdi partean. Arratsaldean, berriz, hainbat hitzordu ere izango dira herrian, eskoriatzarrek disfrutatzeko.

Igotzeko askotariko aukerak

Egunari hasiera emateko, txistularien diana izango da herrian, eta Udalak 10:30erako jarri du hitzordua Fernando Eskoriatza plazatik Atxorrotxerako igoera hasteko. Hala ere, herritarrak lehenago edo geroago irtengo dira, beste urte batzuetan egin moduan, eta bide ezberdinetatik ere igoko dira herritarrak: batzuk herrigunean hasi eta zementuzko bidean gora joango dira; beste batzuk, aldiz, Bolibar auzoan bira eginez. Horiek dira ohiko bideak, baina izango dira Gatzagako Dorleta santutegian gora joango direnak, edo Zapatei baserrian gorako bidea hartuko dutenak.

Behin tontorrera iristean, Gurutze Santuaren ermitako kanpaiak jotzeko ohitura dute askok, eta, seguru asko, goiz osoan entzungo direla kanpai hotsak. Gainera, bertako kanpaiak joz gero ekaitzak uxatzen direla esaten duenik ere badago. Horrekin batera, Atxorrotxeko eremuan urtetan egindako indusketen emaitzak ere ikusi ahal izango dituzte bertaratzen diren herritarrek.

Indusketen erakusketa museoan

Hamar urte pasa dira Atxorrotxen indusketak hasi zituztenetik. Iñaki Sagredo arkeologoaren gidaritzapean eta hainbat boluntarioren laguntzarekin Nafarroako Erreinuko gaztelua izan zenaren hainbat aurkikuntza egin dituzte. Iaz abuztuan egin zituzten azkenengo faseko lanak, eta ordutik ez dute beste lurrik mugitu.

Atxorrotx inguruan aurkitutako objektu esanguratsuenak ikusgai daude Ibarraundi museoan. Gaur irekiko dute erakusketa, eta bertan, Atxorrotxeko gaztelua nolakoa zen erakusteaz gainera, haren historia azalduko dute, eta garaiko elikadura eta armamentua ezagutzeko aukera ere badago. Erakusketa domekara arte izango da zabalik, honako ordutegi honetan: 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak