Ratok eta Belokik brontzea munduko txapelketan

Imanol Beloki Unamuno 2019ko mai. 3a, 09:15
Leire Rato, Rafa Carriet eta Mikel Beloki, Atama Eskoriatza taldekoak, Guadalajarako munduko txapelketan.

Eskoriatza Atama taldeko Leire Rato eta Mikel Beloki Guadalajaran jokatu den munduko kenpo txapelketatik brontzezko dominarekin bueltatu dira. Hala ere, biak lesionatu egin dira, eta, "pozik eta helburuak beteta", lanean jarraitzeko asmoz daude.

Guadalajaran jokatu den munduko kenpo txapelketan –Mundial IKF Guadalajara deritzona– Leire Rato eta Mikel Beloki Atama Eskoriatza taldeko borrokalariak izan dira parte hartzen, eta biak brontzearekin bueltatu dira. Senior mailan, bakoitza bere modalitatean aritu da, eta, podiumera igota, "pozik" daudela eta "helburua bete" egin dutela adierazi dute borrokalariek.

Galizian jokatu zuten Espainiako txapelketan, senior mailan urrea lortuta joan ziren bi borrokalariak mundukora, eta biak hirugarren postua lortuta bueltatu dira Guadalajarako txapelketatik. Belokik semikenpo 95 kilo azpiko modalitatean hirugarren postua lortu du eta Ratok, berriz, 65 kilo azpikoen artean. Hala, apirilaren 23an iritsi ziren Guadalajarara, eta, kontzentrazioaz gain, entrenamenduak izan zituzten egun batzuez, munduko txapelketa prestatzeko. Apirilaren 25etik 27ra bitartean jokatu zen txapelketa, eta, emaitza bikainak eskuratu dituzten arren, biak lesionatuta bueltatu dira.

Biak lesionatuta

"Full-kenpo modalitatean lehiatzen zebiltzala lesionatu ziren Leire eta Mikel. Duela bi urte sorbalda irten zitzaion Belokiri, eta, horren ondorioz, minduta bukatu zuen. Ratok, berriz, zuntzetendura izan zuen… Hala ere, lehiaketetan gertatzen dira horrelakoak. Errekuperazio faltagatik izan daiteke… baina munduko txapelketan lehiatze hutsa garaipen bat da, eta helburuak beteta bueltatu gara. Orain, errekuperatu eta hurrengo txapelketak prestatzen jartzea da asmoa"; Rafa Carriet entrenatzailearen berbak dira horiek.

Geratu barik, lanean

40 herrialdetako borrokalariak batu dira Guadalajarako txapelketan, eta, Belokik eta Ratok, brontzezko domina bana lortuta, lanean jarraitu nahi dute hurrengo txapelketara begira prest egoteko. Oiartzunen jokatuko da, maiatzaren 19an, Gipuzkoako txapelketa, eta bertan, alebin, haur, gazte eta senior mailetako borrokalariak lehiatuko dira. Urrian, berriz, Europako txapelketa izango da Portugalen, eta horiek prestatzen ari dira Atama Eskoriatzako kirolariak.

Gazteak indartsu datoz

"Munduko txapelketan izan direnez gain, Atama Eskoriatza eskolako gazteak ere indartsu datoz, gogotsu entrenatzen dira. Hemen ezin da geratu geldirik, eta pausoz pauso helburuak lortzen jarraitu behar dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak