Mamitsua izaten ari da Literatura Zikloa

Imanol Beloki Unamuno 2019ko api. 12a, 09:00
Iaz, Ezagutuz ulertu eta ulertuz maitatu lehiaketako sari banaketan, biloba bere amonaren biografia irakurtzen.

Antolatzaileek Literatura zikloaren balorazio positiboa eginda, gaur, Ezagutuz ulertu eta ulertuz maitatu lehiaketako sari banaketa egingo dute Zaldibar antzokian, 18:30ean, Beheko Errota Musika Eskolakoen ipuin musikatuek lagunduta.

Apirilaren 2an hasitako Literatura Zikloak bere fruituak eman ditu. Izan ere, orain arte egindako hitzorduetara herritar asko joan da, eta, oraindik amaitu ez den arren, gaur izango da egitarauko ekimen nagusia: Ezagutuz ulertu eta ulertuz maitatu lehiaketako sari banaketa, hain zuzen ere.

Aitona-amonak ezagutuz

Duela sei urte hasitako egitasmoak indarra hartu du urtez urte, eta edizio hau ere arrakastatsua izatea aurreikusten dute antolatzaileek. Aitonaamonen eta biloben arteko harremanak sustatzeko baliagarria izateaz gainera, liburuetan kontatzen ez diren gauza asko ikasteko helburuarekin sortutako ekimena da. Lehen Hezkuntzako seigarren mailako Luis Ezeiza Herri Eskolako eta Arizmendiko Almen guneko haurrek euren aiton-amonen biografia idatzi, eta lehiaketara aurkezten dute. Epaimahaiak, hainbat irizpide kontuan hartuz, aurkeztutako bi biografia onenak aukeratu eta saritu egiten ditu. Hala, 65 haurrek hartu dute parte guztira, eta gaur, 18:30ean, lehiaketako saridunek idatzi duten historia kontatuko diete Zaldibar antzokira bertaratzen direnei. Gainera, gonbidatu bereziekin. Izan ere, idatzitakoa jendaurrean irakurtzeaz gain, alboan euren aitona edo amona ere izango da bilobaren irakurketa entzuten. "Lan oso txukunak egin dituzte haurrek, eta saridunak aukeratu ditugu dagoeneko. Luis Ezeizako bat eta Almeneko beste bat dira irabazleak, baina zaila izan da hauek aukeratzea, esan moduan, lan oso onak egin dituztelako. Aurtengoa seigarren edizioa da, eta, ekimen oso polita izanik, egiten jarraituko dugu", adierazi du Iñaki Agiriano Bibliotekako arduradunak.

Sari banaketari bide emateko, gainera, Beheko Errota musika eskolako ikasleek Kanta galduak izeneko ipuin musikatua eskainiko dute, aurreko urteetan moduan.

Zikloak, erantzun bikaina

Literatura kedada lehenengo aldiz egin da aurten, eta antolatzaileak pozik agertu dira emandakoarekin: "10 herritar igo ziren Zaldibar antzokiko oholtzara euren gomendioak ematera, gustuko duten liburu baten pasarte bat irakurriz. Honekin batera, musika ere izan genuen. Jexus Perezek eta Bea Rubiok kantak eta poema errezitatuak musikarekin lagunduta eskaini zituzten. Hala, partehartzaileak pozik geratu ziren egitasmoarekin".

Literatura Kedadan herritarra pasarte bat irakurtzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak