Ospakizunak eginda, lanean bete-betean

Imanol Beloki Unamuno 2019ko api. 11a, 17:27
Pasa den astean jokatutako partiduaren ostean, aldageletan garaipena eta igoera ospatzen.

Liga amaitzeko jardunaldi baten faltan Maila Nazionalean dute burua Eskoriatzako mutilek. Datorren urtera begira ez du aldaketarik egin nahi Iker Molina entrenatzaileak, eta taldea "gogotsu eta motibatuta" dagoela adierazi du

Lortu du Eskoriatza areto futbol taldeak Maila Nazionalera igotzea. Hamalau urteren ondoren, Iker Molinaren gidaritzapean eta talde gazte baten indarrarekin, lortu dute urteetako helburua betetzea. Gauzak horrela, denboraldi hau amaitzeko jardunaldi bat geratzen den arren, hasi dira aurrera begirakoak prestatzen. Dena den, hurrengo jardunaldian, bigarren postuan geratzea edo hirugarren amaitzea denboraldia izango dute jokoan.

Ederto ospatuta, gogotsu

Araiako Zirauntzaren aurkako partiduan (4-3) lortutako garaipena ederto ospatu zutela taldekideek adierazi du Iker Molina entrenatzaileak: "Hamalau urte pasa behar izan dira berriz Nazionalera igotzeko, eta hori ospatzeko modukoa da. Gasteizera joan ginen guztiok eta festa ederra egin genuen. Hala ere, oso motibatuta daude jokalariak azken jardunaldira begira, eta etorriko zaigun denboraldiari begira ere bagaude, gogotsu. Hala, lasai hartzea da asmoa, baina entrenamenduekin jarraituko dugu. Honi dagokionez, kantxan ordu gehiago izateko eskaera egin nahiko genuke datorren urtera begira, baina zaila izango da lortzea. Izan ere, oso okupatuta dago…".

Taldean aldaketa barik

Maila Nazionalera begira, ez du jokalari berririk gura Molinak. Igoera lortu dutenekin jarraitu nahi du, eta, aldaketa handi barik, horiek mantentzea da bere helburua: "Dagoeneko badakit bi jokalari ez ditudala izango. Izan ere, Erasmusean doaz, eta pentsatu beharko dugu zerbait. Ikusiko dugu, baina gazte mailako bi jokalari igotzeko apustua egingo nuke nik. Hala ere, oraindik goiz da erabakiak hartzeko".

Ekonomikoki suposatzen duena

Maila Nazionalean Euskal Herriko herri ezberdinetako taldeak daude, eta normalean, Euskal Ligarekin alderatuta, bidaia luzeagoak egin behar izaten dituzte taldeek, partiduak jokatzeko. Hala ere, ez da datorren urteko kasua izango: "Zorte kontua da, baina egon naiz taldeak zeintzuk izango diren ikusten, eta aurtengo denboraldiaren antzera ibiliko gara".

Nazionalean mantentzea zaila izaten da, eta diruak ere zeresan handia du. Izan ere, jokalarien fitxak, arbitrajearen ordainketa… askoz garestiagoak dira. "Esaterako, aurten, 120 euro ordaindu badugu arbitrajea, datorren urtean, 240 inguru ordaindu beharko dugu. Zigorrak ere askoz garestiagoak dira…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak