Zubizarretak azaldu duenez, egungo taldearen esperientzia, zerrenda-kide berriek ekarriko dituzten ideia eta gogoen berritasunak osatuko dute. EAJren hautagaitza berri honetan, emakumeen presentzia nabarmena da lehen postuetan –lehen 8 lekuetan 5 dira emakumeak–, eta hamaikakotik 7 independenteak direla ere azpimarratu nahi izan du Zubizarretak. Nabarmentzekoa bai, baina ez omen da nobedadea, alkategai jeltzaleak azaldu duenez, "gaur egun Eskoriatzako udalbatzaren bost zinegotzi jeltzaleetatik, hiru emakumeak baitira eta lau independenteak".
Partaidetzazko programa
Zerrenda aurkeztearekin batera, hauteskunde programan jasotako apustu nagusiak ere aurreratu ditu Zubizarretak, hain zuzen, "herritarren eta elkarteen proposamenetatik landutakoak". Apustuen artean, irisgarritasunaren eta mugikortasunaren alorrean, proposatzen da Unibertsitatearen eta Dorleta artean errekaren gainetik joango den pasabide bat egitea, plazako zorua berritzea eta Arana kalean bidegorria egitea. Halaber, gune publikoak hobetzen jarraitzeko apustua egiten du EAJk, "herritar guztiek erabili ahal ditzaten". Honela, San Pedroko goiko parkea txukunduko da, dagoeneko baduena ariketa fisikorako gune bat, eta Dorletako haurrentzako parkea ere berrituko da.
Partxisaren parkea ere bai, eta Bidebarrietako pasealekua Bide Berde bilakatuko da. Elizateei dagokienez, azpiegiturak hobetzeko programarekin jarraitzeko konpromisoa hartzen du EAJk (bidea, argiztapen publikoa, Internet konexioak) eta baserri-auzoak biziberritzekoa (auzo-lokalak, aisialdirako guneak, nekazaritza azokak).
Eskoriatzako EAJko zerrenda
Joserra Zubizarreta
Maite Uribe
Antonio Regaño
Puri Regidor
Josu Ezkurdia
Ana De Castro
Maite Zubia
Sorkunde Pagalday
Emeterio Gallastegi
Kati Perea
Jesus Mari Izaguirre
Ordezkoak
Pedro Mari Armendariz
Edith Altuna
Karmelo Azkoitia