Garaipena lortuz gero, Maila Nazionalera

Imanol Beloki Unamuno 2019ko api. 5a, 09:27
Aratz Kortazar baloiarekin.

Eskoriatza areto futbol taldeari bi partidu geratzen zaizkio denboraldia amaitzeko, eta, Maila Nazionalera igotzea helburu hori lortzeko, hiru puntu batu behar ditu bi partidu horietan. Hala, zapatuan, etxean jokatuko du, 16:00etan, Araiako Zirauntzaren aurka.

Denboraldi borobila egiten ari da Euskal Ligan lehiatzen ari den Eskoriatza areto futbol taldea. Bi jardunaldi geratzen dira liga amaitzeko, eta zapatuan jokatuko duten partiduan hiru puntuak lortuz gero, Maila Nazionalerako txartela lortuko dute Iker Molinaren mutilek.

Momentu honetan, bigarrenak dira sailkapenean, 38 punturekin, eta puntu bakarrera dago Scorpio taldea, hirugarrenean. Laugarrena, berriz, Mahastiak Labastida da eta bosgarrena, Tolosala. "Lau taldeok ditugu aukerak Hirugarren Mailara pasatzeko. Izan ere, sailkapeneko lehenengo hirurak igotzen dira mailaz, eta lehenengo postuan dagoen Gernika dagoeneko ligako txapelduna da, eta lortu du igoera. Tolosalak, agian, du zailen, baina halakoetan edozer gerta litekeela denok dakigu. Guk etxean jokatzen dugu, eta hori ere guretzako positiboa da. Gainera, aurkariek ez dute ezer jokoan, baina azken jardunaldietan emaitza onak izan dituzte, eta, beraz, partidu gogorra, gaiztoa eta zikina izango dela aurreikusten dugu. Irabazi beharra daukagu hala edo nola…", adierazi du Iker Molina entrenatzaileak.

Ametsa errealitate bihurtu guran

2004-2005 denboraldian Maila Nazionalean izan zen Eskoriatza areto futbol taldea. Orain, hamalau urteren ondoren, berriz, lortu nahi dute igoera eskoriatzarrek. Hala, herritarrei Manuel Muñozera joateko gonbita egin nahi diete, harmailak bete-beteta izan daitezen eta, garaipena lortuz gero, ospakizun bikaina egiteko.

Emakumezkoak, fase berrian

Senior mailako emakumezkoak, berriz, lehenengo lau postuen artean sailkatuta, ligako txapeldun izateko fase berrian sartuta daude. Pasa den astean, Lauburu Ibarra taldearen aurka 3-1 irabazi zuten, eta, pauso handia eman ostean, hurrengo partidua gaur izango dute, Ordiziaren aurka, 22:00etan, Manuel Muñozen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak