21. Korrika pasatzen denerako, egitaraua prest

Imanol Beloki Unamuno 2019ko api. 1a, 12:52

2017an, Korrika Eskoriatzatik pasatzen; Sara Agiriano eta Ane Arrieta eskoriatzarrak, lekukoa eskuetan dutela.

Korrika apirilaren 14an 04:42 inguruan helduko da Eskoriatzara. Hori horrela, aurrez, hainbat ekintza izango dira: Korrika Txikia, esaterako, apirilaren 12an, egubakoitza; eta apirilaren 13rako, zapaturako, egun osoko egitaraua antolatu dute.

21. Korrika apirilaren 14an goizaldean pasako da Eskoriatzatik, eta ordurako egitaraua prestatzen aritu dira herriko hainbat elkarte, eragile eta norbanako: Luis Ezeiza eta Arizmendi, Bazara, Eingeinke, Gaztelekua, Atxorrotx Kultura Elkartea, EH Bildu, Jose Arana gurasoen elkartea, Talogileak eta udal ordezkariak, besteak beste. Hori horrela, pasa den astean egin zuten azken bilera, eta dagoeneko prest daukate egunerako egitarau osoa.

"Parte-hartze handia izan da. Izan ere, Korrika Batzordeko bilera bakoitzean, elkarte askotariko hamalau pertsona inguru batu izan gara. Azpimarratzekoa izan da, gainera, gazteen partehartzea; Eingeinke eta Bazara elkartekoak oso aktibo egon dira, eta ekarpen interesgarriak egin dituzte. Beraz, egindako lanarekin eta antolatu dugunarekin pozik gaude", adierazi dute Korrika Batzordeko kideek. Apirilaren 13ko ekintzez gain, apirilaren 14an, domekan, 04:42 bueltan zeharkatuko ditu Korrikak Eskoriatzako kaleak, eta apirilaren 12an Korrika Txikia izango da.

Berritasunak Korrika Txikian

Herriko ikastetxetako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrek hartuko dute parte, eta, aurten, Arizmendiko Almen guneko DBHkoak eta Batxilergokoak ere izango dira. Hala, 10:00etan, Almendik –errepidetik– joango dira korrika Eskoriatzako Jose Arana zaharren egoitzaraino. Behin bertara iristean, txikienekin batuko dira.

Motorrak berotzeko ekintzak

Apirilaren 6an, Udaberritxotx! jaia izango da, Eingeinkek antolatuta, eta, horrekin batera, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzatik irtenda Murura mendi irteera izango da, Makila eskuan eta ibili basuan ekimeneko kideek antolatuta.

Egitaraua

Apirilak 12, egubakoitza

• 10:30 Korrika txikia.

Apirilak 13, zapatua

• 17:30 Lekuko, txapa eta banderola tailerra.

• 18:30 Buruhandiak.

• 19:00 Dantza herrikoiak.

• 20:00 Kantu kalejira: Beñat Intxausti musikaria eta Haizea eta Oihana Arana bertsolariak.

• 23:00 Bidean erromeria taldearen kontzertua.

• 01:00 DJ Moto, Inkernu tabernan.

Apirilak 14, domeka

• 05:00 Txokolatea plazan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak