"Unibertsitateko ikasleok askotan entzun izan dugu duela urte batzuk gehiago nabaritzen zela ikasle bizitza herrian, eta horri buelta emateko antolatu dugu jaia. Gugandik sortuta, guretzat, eta baita Eskoriatzako herritarrentzat sortu dugu, jendea ezagutzeko eta esperientziak partekatzeko; betiere, ekintza guztietan euskara ardatz izanik", adierazi dute antolatzaileek.
Ekintza ugari hiru egunetan
Apirilaren 3an 11:00etan izango den txupinazoarekin emango diote hasiera jaiari, eta, horrekin batera, ezagutza jolasak izango dira, unibertsitateko ikasleen arteko harremanak sendotzeko. Bazkaria 13:00etan egingo dute, eta, horren ostean, Huhezi Akustikoak izango dira bazkalostea girotzeko. Bertan, Eskoriatzako eta Aretxabaletako unibertsitateko musikariek hainbat kantaren bertsioak joko dituzte. 16:00etan, sexologia tailerra izango da, eta 18:00etan, Altsasuko gazteen gurasoek hitzaldia eskainiko dute. Egunari amaiera emateko, berriz, 21:00etan, afaria eta gaubeila egingo dute.
Eguena, egun handia
Apirilaren 4an, eguenean, berriz, herritarrengana hurbiltzeko eguna izango da. 09:00etan gosaldu, eta 10:30ean, transexualitatearen gaineko hitzaldia izango dute. 12:30tan, aldiz, Wikilari afrikarrekin solasaldia egingo dute eta 14:00etan, bazkaria. Guztira, 150 pertsonak bazkalduko dute Huhezin bertan. Arratsaldean kalera mozorrotuta irteteko deialdia egin dute, eta 19:00etan, pintxo-pote musikatua egingo dute Eskoriatzako kaleetan barrena. Egunari amaiera emateko, 22:30ean, Kilimak taldearen kontzertua izango da, Inkernun –euskal rumba–.
Apirilaren 5a, egubakoitza, biharamun eguna izango da, eta honako hau izango da egitaraua: 10:00etan gosaria, 11:30ean berrantolaketa tailer musikatua, eta amaiera ekitaldia.