Badator 'Gaztekonkis, Gazteluaren konkista'

Imanol Beloki Unamuno 2019ko mar. 22a, 13:22
Duela bi urte Gaztekonkis abentura lehiaketako proba bat egiten, Atxorrotxen.

Eskoriatzako eta Aretxabaletako gaztelekuetako nerabeentzako abentura lehiaketa izango da apirilaren 15ean eta 16an. Lehen Hezkuntzako haurrei zuzenduta, berriz, apirilaren 15erako, 16rako eta 17rako aisialdi ekintzak antolatu dituzte.

Apirilaren 15ean eta 16an izango da Aretxabaletako eta Eskoriatzako gaztelekuek elkarlanean antolatu duten abentura lehiaketa. Azken urteotan errotu den Gaztekonkis lehiaketa, hain zuzen ere. Edizio honetan, Gazteluaren konkista izenpean, hainbat proba gainditu beharko dituzte puntuak batzeko.

Aurten, Erdi Arora egingo dute bidaia eta Atxorrotxeko gazteluaren konkista egongo da jokoan. Hala, bi egunetan, hainbat taldetan banatuta, askotariko erronkei egin beharko diete aurre nerabeek, Atxorrotxeko gaztelua herriarentzat berreskuratzeko helburuarekin.

Atxorrotxen eta herrian

Apirilaren 15ean, 11:00etan, Atxorrotx mendira joango dira, eta, 17:30era bitartean, hainbat proba izango dituzte. Basoko elementuez baliatuz, taldea indartu beharko dute, eta gazteluaren aztarnak miatu. Apirilaren 16an, berriz, erronkaren amaiera eguna izango dute. 11:00etan hasi eta 16:30ak arte herriko kaleetan zehar arituko dira, pistak jarraitzen eta erronkak gainditzen. Hala, amaieran, talde irabazlea nor den jakingo da. Puntuazioari dagokionez, ez da baloratuko probetan lehenengoa geratzea bakarrik; izan ere, hainbat balio ere kontuan hartuko dituzte epaileek. Bukatzean, bazkari bateratua egingo dute.

Izena emateko moduak

Gaztekonkis-en izena eman nahi duenak 10 euro ordaindu beharko ditu, eta astelehenetik aurrera egin daiteke, Eskoriatzako eta Aretxabaletako gaztelekuetan edo online, karteleko QR bidez. Horretarako azken eguna apirilaren 8a izango da.

Hiru sari izango dira: talde irabazlearentzat, Salting Iruñea Parkera irteera; bigarrenarentzat, Realeko emakumezkoen partidu bat ikusteko sarrerak; eta hirugarrenarentzat –eredugarriena–, afari merienda bat.

Haurrentzako aisialdi ekintzak

Tortolis ludotekak antolatuta, bestalde, aisialdi ekintzak prestatu dituzte apirilaren 15erako, 16rako eta 17rako. Lehen Hezkuntzako 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago udaberriko oporraldia, eta bertan, kirol ekintzak, jolasak, sukaldaritza eta erronkak izango dira.

Egun horietan, 10:00etatik 13:00etara bitartean egingo dituzte joko eta jolasak, plazan hasita, eta izen-ematea zabalik dago apirilaren 3ra arte, kultura etxean eta Tortolis ludotekan. Prezioa, haur bakoitzeko, 30 euro da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak