Munduko txapelketarako sailkatu dira Beloki eta Rato

Imanol Beloki Unamuno 2019ko mar. 21a, 15:58
Eskoriatza Atama Kenpo taldeko borrokalarien talde argazkia.

Galizian jokatutako Espainiako kenpo txapelketatik urrezko bi domina, zilarrezko bi eta brontzezko bat ekarri dituzte bueltan bertara joan diren Eskoriatza Atama Kenpo taldeko borrokalariek. Emaitzekin "pozik", hurrengo helburuak markatu dituzte.

Eskoriatza Atama Kenpo taldeko Mikel Beloki, Argitxu Zubillaga, Leire Rato, Iosu Maqueda eta Jose Luis Maqueda borrokalariak Galizian izan dira, Ribeiran jokatu den Espainiako kenpo txapelketan, eta emaitza bikainekin bueltatu dira. Rafa Carriet entrenatzailearen gidaritzapean, hainbat domina lortu dituzte bertan Eskoriatzako borrokalariek: urrezko bi domina, zilarrezko beste bi eta brontzezko bat.

Leire Ratok eta Mikel Belokik urrea lortu zuten, nork bere modalitatean, eta, beraz, munduko txapelketarako sailkatu dira. Ratok urrea lortu zuen kumite erdi-kontaktu modalitatean, 70 kilo azpiko emakumezko senior mailan, eta Mikel Belokik ere urrea lortu zuen kumite erdi-kontaktuan, 90 kilotik gorako gizonezkoen senior mailan. Gainera, Belokik fullkenpo modalitatean ere bigarren postua lortu zuen. Iosu Maquedak, aldiz, zilarra lortu zuen kumitean 70 kilotik garako gizonezkoen kadete mailan, eta Argitxu Zubillagak hirugarren postua eskuratu zuen kumitean, 70 kilotik gorako emakumezkoen senior modalitatean.

Mundukoa, Guadalajaran

Galizian jokatutako Espainiako txapelketaren ostean, munduko kenpo txapelketa Guadalajaran jokatuko da –Mundial IKF Guadalajara deritzona–. Apirilaren 25, 26 eta 27ko aste bukaeran izango da, eta senior mailan lehiatuko dira Espainiakoan urrea lortu duten Leire Rato eta Mikel Beloki borrokalariak. Mundu osoko aurkariek hartuko dute parte txapelketan, eta, dauden hiru modalitateetatik –A, B eta Master–, biak B taldean izango dira.

Burua, mundukoan

Eskoriatzarrak hasi dira dagoeneko prestaketa lanekin, eta Espainiakoarekin alderatuta mundukoa ez dela lan samurra izango adierazi du Ratok: "Aurreikusi bako urrezko domina lortu dut Espainiakoan, baina munduko txapelketa askoz gogorragoa izango da. Fisikoki ondo egotea komeni zaigu, eta ondo entrenatzeko hilabete geratzen zaigu. Hala, nik full-kenpo eta erdi-kontaktu modalitateetan lehiatuko naiz, eta helburua lan ona egitea izango da".

Beloki ere pozik agertu da lortutako emaitzarekin, eta munduko txapelketan lehiatzeko gogoz agertu da: "Munduko txapelketarako sailkatzea zen nire helburua , eta, hori lortuta, munduko txapeldun izatea ederra izango litzateke. Senior mailan lehiatuko naiz, eta taldean 22 borrokalari gaude, mundu osoko onenak direnak; beraz, edozein hutsegiterekin galdu dezakezu borroka. Ondo prestatuta joatea komeni zaigu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak