Euskara maila indartu gura dute erretiratuek

Imanol Beloki Unamuno 2019ko mar. 14a, 11:57

Eskoriatzako Olazar Erretiratu Elkartekoek urteko batzar orokorra izan dute aste honetan. Joan den urteko kontuen balantzea egin, egindako bidaien eta ekintzen gainean jardun, eta aurtengo aurreikuspenen berri eman zuten.

Olazar Erretiratu Elkarteko kideek urteko batzar orokorra izan zuten eguaztenean. Kultura etxean batu ziren, eta honako puntu hauek aztertu zituzten: aurreko akta irakurri eta onartzea, 2018ko kudeaketaren deskargua, 2019rako kudeaketa plana, altak eta bajak, 2019rako kuota, idazkariaren aldaketa onartzea eta, amaitzeko, galdera eta eskaerak.

Iaz egindako hitzaldien eta bidaien gainean egin zuten berba, eta, 2019ra begirako programazioan zentratuta, hilero izango dituzten hitzaldi, bidaia eta ekintzak zeintzuk izango diren adierazi zuten. Jasone Orbegozo Olazar Erretiratu Elkarteko diruzainak egiten dituztenak azaldu zituen: "Urtean hiru edo lau hitzaldi egiten ditugu. Saiatzen gara pil-pilean dauden gaien gainekoak ekartzen, eta, ekintzei dagokienez, herrian antolatzen direnetan parte hartzen dugu. Horrez gain, ikastaroak ere baditugu: memoria tailerra eta tai txia, besteak beste".

Guztira, 635 kide dira elkartean, eta, ekintzetan parte-hartzea handia bada ere, kopuruak gora egitea dela beraien asmoa adierazi zuten. Datu ekonomikoei erreparatuz, bestalde, egoera onean daudela adierazi zuten, eta ekintza berrien aldeko apustua egin nahi dutela gaineratu.

Gogokoena, bidaiak

Urtean bi bidaia luze, beste bat motza, asteburukoa eta eguneko hiru irteera egiten dituztela adierazi zuen Orbegozok; gaineratu zuen hurrengoa prest daukatela: "Apirilaren 24an, Murtziara joango gara, Ruta del Quijotera".

Pentsioak hizpide

Antolatu duten hurrengo ekintza ere aipatu zuten: Mikel de la Fuentek eskainiko duen pentsioen gaineko hitzaldia. Euskal Herriko Unibertsitateko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakasle ohiaren saioa datorren eguenean, hilaren 21ean, izango da, kultura etxean, 18:00etan.

Euskara indartzeko gogoz

Programazioko berritasunak ere izan zituzten hizpide. Izan ere, euskara ikasteko kurtsoa prestatuko dutela adierazi zuten. Bi mailatan banatuta, hastapeneko klaseak eta maila altuagokoak jasoko dituzte nahi dutenek. 180 orduko ikastaroa izango da, euskaltegiarekin elkarlanean aurrera eraman nahi dutena. Urteko helburu nagusi moduan ezarri dute ekintza hau, elkarteko kideen artean euskara hobetzeko beharra ikusten dutelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak