Herriko hainbat lan izan dituzte hizpide otsaileko osoko bilkuran

Imanol Beloki Unamuno 2019ko ots. 27a, 15:11
Torrebason komun publikoak jarriko dituzten eremua.

Torrebason jarriko duten komunaren nondik-norakoak eta Santa Ana eta Santa Marina arteko lanak izan dituzte berbagai, besteak beste, Eskoriatzako otsaileko osoko bilkuran.

Torrebaso pasealekuan komun publiko bat jartzeko, komuna erosi, obrak egin eta komunaren mantentze-lanak egiteko, Eskoriatzako eta Aretxabaletako udalen arteko hitzarmena onartu zuten lehenbizi.

Lanen gaineko zehaztapen batzuk eman zituen Josu Ezkurdiak: "Lizitazioa eta erosketa egiteaz Eskoriatzako Udala arduratuko da, gure lurrak direlako, baina gastuak erdi bana egingo ditugu. 55.000 euroko lanak izango direla aurreikusten dugu". Horren harira, Aitor Zubizarreta EH Bilduko bozeramaileak proposatu zuen komunak egiteko orduan berdegunea ez ukitzeko eta urhargunea dagoen eremuan bertan jartzeko komuna. Eskaera hori kontuan izango dutela eta bat egiten dutela esan zuen Ezkurdiak.

Arbiñosteko lanak, hasita

Galde-eskeen tartean, Arbiñosteko lanen gainean ere jardun zuten. Aste honetan hasi dira oinezko pasabidea eta erabilera libreko gunea egiten, eta martxo amaierarako eginda egongo direla aurreikusten dutela adierazi zuten.

Adierazpen intituzionalak

Aho batez, honako adierazpen instituzionalak onartu zituzten:

2019ko martxoaren 8a. 'Bizitzak erdigunera'

Emakumeen bizitzak jasangarri, libre, anitz eta duinak izateko deiarekin bat egin du Eskoriatzako Udalak eta emakumeen lan-prekarietatea eta pobrezia salatzen ditu, indarkeria matxista guztien aurka egiten du eta bazterkeria eta arrazakeriari uko egiten dio. Eskoriatzako Udalak ardura hartzen du berdintasun erreala eta eraginkorra bermatzeko eta zaintza-lanak bere politika publikoen erdigunean jartzeko. Gainera, Mugimendu feministak deitutako greban udaleko emakumezko hautetsi eta langileei greba egin ahal izateko erraztasunak emateko konpromisoa hartu du.

SEAD 43. urteurrena

Otsailaren 27an Saharar Herriak Saharar Estatuaren 43. urteurrena ospatuko duela eta, 43 urte dira Mendebaldeko Sahararen okupazioaren aurrean Herri Sahararrak borrokan direuela. Egoera horri aurre egiteko eta Nazio Batuek Fronte Polisarioaren eta Marokoko Erreinuaren arteko elkarrizketak desblokeatuz emandako aurrerapausoek 2019ko lehen hiruhilekoan beste egoera bat ekarriko duelakoan, hainbat salaketa eta eskari onartu ditu Eskoriatzako Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak