Urdelarderorekin hasiko dituzte Inauteriak

Imanol Beloki Unamuno 2019ko ots. 22a, 16:09

Iaz, Urdelardero egunean, haurrak zaharren egoitzara bidean.

Inauterietarako egitarau zabala antolatu du Eskoriatzako Udalak; besteak beste, urtero egin ohi den herri bazkaria. Dagoeneko salgai daude txartelak Inkernu eta Goxotxiki tabernetan: helduentzat 16 eurotan eta adingabeentzat 10 eurotan.

Datorren eguenean, otsailaren 28an, Eguen Gizena izango da, eta, ohiturari jarraituz, Urdelardero eguna ospatuko dute Eskoriatzan. Hala, herriko ikastetxeetako haurrak baserritar jantzita irtengo dira kalera, eta kantuan arituko dira herriko kaleetan barrena. Horrekin batera, 11:30etan, txistor-jana izango dute Fernando Eskoriatza plazan, baina, aurretik, zaharren egoitzara joango dira abestera ziria eskuetan dutela, eta barruan txorizoa, ogia, sagarra… eramango dituzte. Garai batean, eskean ibiltzen zirenei etxekoandreek janaria jartzen zieten zirian; gaur egun, aldiz, etxetik eroaten dute jana, eta balkoietatik karameluak botatzen dizkiete.

Arratsaldean, Trokolo pailazoen Burutik jota izeneko ikuskizuna izango da Zaldibarren; 18:00etan, txokolate-jana plazan; eta, egunari amaiera emateko, Lantzeko Inauterietako dantzak egingo dituzte, 18:15ean. 

Inauteriei hasiera emanda, egitarau zabala prestatu du Udalak hurrengo egunetarako. Egubakoitzean, martxoaren 1ean, esaterako, Eskoriatzako bandak Zirkoband izeneko saioa eskainiko du. Zaldibarren izango da, 20:00etan.

Mozorro lehiaketan sari ederrak

Martxoaren 2rako, egitarau ederra programatu dute, eta urtero herritarren gustukoa izaten den mozorro-desfile lehiaketak ez du hutsik egingo. Desfilean parte hartzeko, Luis Ezeizako patioan eman beharko da izena, 12:30etik 12:45era bitartean, edo aldez aurretik kultur etxera deituta.

Sariak, berriz, bi sailetarako egongo dira. 15 urtetik gorakoentzako: banaka edo bikoteka doazenentzat, 50 euroko hiru sari mozorro onenei; talde txikiendako (3-7 pertsona), 100 euroko hiru sari talde onenei; eta talde handiendako –8 pertsona edo gehiago–, 200 euroko hiru sari talde onenei. 14 urtetik beherakoentzat, berriz, bi pertsonatik gorako taldeentzat, hiru sari: ogitartekoa eta edaria –guztira, gehienez ere, 100 euro–.

Herri bazkariko txartelak salgai

Desfilearen ostean, bazkaria kiroldegian izango da, 14:30ean, eta bertara joateko txartelak salgai daude Inkernun eta Goxotxikin. Bazkaltzeko, bi menu egongo dira: bata, 18 urtetik gorakoentzakoa, 16 eurotan, eta bestea, 18 urtetik beherakoentzat, hamar eurotan. Helduentzat: patatak errioxar erara, oilaskoa piper berdeekin eta entsalada, txokolatezko browniea izozkiarekin, eta edateko ardo ondua, sagardoa, ura eta freskagarriak, eta gero, kafea eta txupitoa. Adingabekoentzat, berriz, makarroiak tomate eta gaztarekin, oilasko izterra txip patatekin, Smarties izozkia, eta edateko ura eta freskagarriak.

Inauterietako egitaraua

Otsailak 28, eguena

• 10:30 Umeen kalejira.

• 11:30 Txistor-jana, plazan.

• 17:00 Trokolo pailazoak, antzokian.

• 18:00 Txokolate-jana, plazan.

• 18:15 Inauterietako dantza, plazan.

Martxoak 1, egubakoitza

• 20:00 Zirkoband bandaren kontzertua, Zaldibar antzokian.

Martxoak 2, zapatua

• 13:00 Mozorro desfilea, Luis Ezeizan.

• 14:30 Herri bazkaria, kiroldegian. Gero, DJ Moto.

• 17:00 Zezentxoak eta poneyak, Luis Ezeizan.

• 18:30 Mozorro lehiaketako sari banaketa, plazan.

• 19:00 Gabezin taldea, plazan. 23:00etan, berriz.

Martxoak 5, martitzena

• 10:30 Umeen jaialdia, frontoian.

• 17:15 Kukumarroak, plazan.

• 18:00 Djon, plazan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak