"Helburua lehen hiruren artean amaitzea da"

Imanol Beloki Unamuno 2019ko ots. 22a, 11:10

Euskal Ligako Eskoriatza areto futbol taldekoek bazkaria egin zuten Apotzagan.

Euskal Ligako Eskoriatza areto futbol entrenatzailea den Iker Molinaren mutilek Gernika liderraren aurka jokatuko dute domekan, Manuel Muñozen, 18:00etan. Hala, pasa den asteko atsedenaldiaren ostean, indarrak hartuta irtengo dira kantxara jokalariak.

Denboraldi paregabea egiten ari dira aurten Iker Molinaren mutilak. Euskal Ligan ari den Eskoriatza areto futbol taldea hirugarrena da sailkapenean, eta, aurreko aste bukaeran izan zuten atsedenaldiaren ostean, Gernika liderraren aurka jokatuko du domekan, 18:00etan, Manuel Muñoz kiroldegian.

Pasa den asteburuan ez zuten partidurik izan eskoriatzarrek, eta taldeko jokalariak batu eta bazkaria egiteko aprobetxatu zuten. Hori horrela, eguerdian poteoa egin, eta Apotzaga auzoko Merenderuan bapo jan zuten. Astero entrenatzea bezala, horrelako planen garrantzia azpimarratu nahi izan du Molina entrenatzaileak: "Ni ezin izan nintzen taldekideekin batera joan, baina ederto pasatu zutela esan didate. Niretzat, oso garrantzitsua da halako planak egitea; izan ere, kantxan, gero, hori nabaritu egiten da. Beraien arteko konexioan; hobeto elkar ulertzen dute, konfiantza hartzen dute, eta, hain zuzen, talde sendoa sortzen da horrela".

Helburua, lehen hiruren artean

Molina entrenatzaileak adierazi duenez, aurtengo helburua denboraldiko lehen hiru postuen artean geratzea da: "Liderrarekiko zazpi puntuko aldea daukagu, bigarrenarekin [Scorpio] berdinduta gaude eta laugarren, bosgarren eta seigarren sailkatuekiko bost puntuko aldea dugu. Hala, azken horiekiko abantaila mantentzea da garrantzitsuena eta egin behar duguna. Izan ere, lehen hiru sailkatuak igotzen dira mailaz. Zazpi jardunaldiren faltan, oraindik asko geratzen zaigu, eta asteburuan garaipena lortzeak indar handia emango digu".

Gazte mailakoak gora

Hainbat jokalari lesionatuta ditu Eskoriatzako Euskal Ligako taldeak, eta horrek ez die onurarik egingo. Izan ere, zortzi jokalari eta bi atezain izango dira domekan jokatzeko moduan, eta Ohorezko Gazte Mailatik bi edo hiru jokalariren beharra izango dutela adierazi du Molina entrenatzaileak: "Gurekin izango dira, seguruenik, batetik, Jokin Rayo, eta, bestetik, Oier Azkunaga. Hori da asmoa, behintzat. Ez dakit biak etorriko diren, bietako bakarra…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak