Genero ezberdintasunaren aurrean kultura eta formakuntza arazo bat antzematen du Eskoriatzan Feminismoa Bizirik taldeak herritarren artean. Horrekin batera, hainbat eskoriatzarrek gai horren gaineko informazioa eskatu dietela adierazi dute antolatzaileek. Hala, herritarrek ideia argiagoak izateko, eta iritzi jakin bat izateko antolatu dute domekako jardunaldia.
Hitzaldia eta proiekzioa
"Domekan eskainiko duguna ez da soilik hitzaldi bat izango, genero ezberdintasunaren gaineko jardunaldi dibulgatzaile bat izango da. Hori horrela, hitzaldi batez gain, proiekzio bat ere izango dugu. Jardunaldia ele bitan izango da, domekan, kultura etxean, eta 17:00etan hasiko da".
Hitzaldia Arantza Miguelek eskainiko du, eta bertan, gai hauek jorratuko dituela adierazi du: "Genero ezberdintasunaren jatorria, eta ordutik gaur egunera arte sorrarazi eta sorrarazten dituen arazoak, mugimendu feministaren sorrera eta proposatzen dituen irtenbideen ikuspuntua, mugimendu feministaren aurkako gezurrak –eta horrek eragiten du jendeak ez ulertzea feminismoaren kontzeptua–, aurtengo greba proposamena…".
Hitzaldiaren ostean, Feminazis izeneko ikus-entzunezkoa hasiko da, 19:00etan. Proiekzioa duela gutxi egin den erreportaje bat da. Bertan, feminismoaren gainean esaten diren gezurrak azaleratzen dira. Askok erakutsi nahi duten moduan, feminismoa mugimendu bortitza al da? galderari erantzuna emateko asmoz ekoiztu dute. Erreportajeak ordubete iraungo du, eta, jardunaldia ele bitan izan arren, proiekzioa gazteleraz izango da.
Gonbidapena eskoriatzarrei
Antolatzaileek adierazi dutenez, asko ikasi ahalko dute herritarrek jardunaldi horretan. Hala, Eskoriatzako herritar guztientzat prestatutako jardunaldia izango da; hau da, edozein adinetako emakumeei eta gizonezkoei zuzendutakoa.
Martxoaren 8ko egitaraua, prest
Martxoaren 8rako egitarau zabala prestatu dute, eta, oraindik hitzordu batzuk zehazten ari diren arren, ekintza batzuen berri eman dute: 12:00etan, elkarretaratzea, plazan. Gero, martxa morea, musikarekin lagunduta. Arratsaldean, 18:00etan, elkarretaratzea, eta ondoren kalejira. 20:15ean, frontoian, gizonezkoei dei egingo diete emakumeentzat afaria eramateko, besteak beste.