Erabilpen librerako guneko lanak martxan

Imanol Beloki Unamuno 2019ko ots. 15a, 09:32
Santa Ana eta Santa Marina auzoak batzeko lurra pilatuta.

Arbiñosten, Santa Ana eta Santa Marina arteko lanak hasteko prest daude. Bertan izango den parkerako eta oinezkoentzako pasabidea egiteko, hainbat lur multzo eraman dituzte, eta induskatzeko makina ere bertan da.

Santa Ana auzoa Santa Marinako plazarekin lotzeko lanak hasteko prest daude. Eremu horretako lanak hiru fase ditu, eta laster ekingo diote bigarrenari. Lehen fasea, Santa Anako aparkalekua irekitzea izan zen. 2018ko irailaren 13an ireki zuten, Eskoriatzako Udalak, jabegorekin akordioa hitzartu ostean. Gaur egun, 40 auto ingururentzako aparkalekua dago.

Parkea eta berdegunea

Orain, berriz, bigarren fasearekin hasiko dira. Hau da, Santa Anako aparkalekuko eta Santa Marina parke arteko lursailean erabilpen librerako gunea eginez. Horretarako, lehenengo pausua, lurra, aparkalekuaren alturara jartzea izango da, eta gero jarriko dute jolas-parkea eta berdegunea bertan.

Hamar urte baino gehiago utzita izan den eremu hori sastrakez eta zuhaixkez beteta dago gaur egun, eta lan hauek egin ostean, eremu hori erabilgarri izango dute herritarrek, hainbeste urteren ostean. Hori horrela, Santa Ana eta Santa Marina artean egingo duten jolasparkearen eta berdegunearen aurrekontua, 24.000 euro ingurukoa da.

Oinezko pasabidea lur-jabeek

Lan horiekin batera, hirugarren faseko lanak etorriko dira, obra guztiari amaiera emateko. Jose Arana kaleko etxeen kontra, hauen atze aldean, oinezko pasabidea egitea izango dena, hain zuzen ere. Hala, Santa Ana eta Santa Marina lotzeko asmoz egingo dituzte lan horiek. Horren ardura, Lete auzorako bidea konpontzen ari den enpresa berak izango du, Morga enpresak. Hirugarren faseko lan hauek ez ditu Eskoriatzako Udalak ordainduko, lur-jabeek ordainduko dituzte. Izan ere, horren arrazoia da betiko urbanizazioa izango dela, eta etorkizunean eremu horretan etxeak egin edo ez egin beharreko lana dela. Lan horiek egiteko aurrekontua 80.964,89 eurokoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak