Mikel Alkaide: "Oso garestia izan da 292 eguneko zigorra"

Imanol Beloki Unamuno 2019ko urt. 25a, 11:04
Mikel Alkaide Eskoriatzako areto futboleko ohorezko gazteen entrenatzailea.

Denbora luzez zigortuta izan da ohorezko gazteen entrenatzailea, eta, aste honetako atsedenaldiaren ostean, hurrengo astean bueltatuko da taldea kantxan zuzentzera.

Mikel Alkaide Eskoriatzako areto futboleko ohorezko gazteen entrenatzailea da, eta, 292 egunez zigortuta egon ostean, berriz izango da bueltan taldea zuzentzen. Hori, asteburu honetako atsedenaldiaren ostean, hurrengo jardunaldian izango da, Marrock taldearen aurkako partiduan, hain zuzen ere.

Zer egin zenuen hainbeste denbora zigortuta egoteko?

Pasa den denboraldian, Gora Bilbo taldearen aurkako partiduan kaleratua izan nintzen, 2018ko apirilaren 14an, eta horren arrazoia epailearen aurrean kexatzea izan zen, beste barik. Nazional mailan ari garenez, normalean, kanporatua den edonor bi partidutarako zigortzen dute; nire kasuan, berriz, hiru partidutarako zigorra izan zen. Kaleratua izan eta gero, lotsagarria dela esan nion epaileari, eta beste partidu bat ere gehitu zidaten. Beraz, hasiera batean, hiru jardunalditarako bakarrik zigortu ninduten. 

Hala ere, zigor gogorragoa jarri zizuten hurrengo partiduan, ezta?

Hala da. Gora Bilbo taldearen osteko partidua Osasunaren aurka izan genuen, eta partidu beroa eta tentsioz betea izan zen. Partidu hasieratik, gure taldearen aulkiaren atzean jarri nintzen animoak gertutik emateko asmoz. Berez, ezin ditut aginduak eman zuzenean, eta bigarren entrenatzaileari adierazten nizkion aginduak, jokalariei transmititzeko. Momentu batean, mahaiko epaileak atentzioa eman zidan, baina beste barik. Hala, partidua amaitu zenean geratu nintzen harrituta; izan ere, aktan zigor gogor moduan hartu zuten. Atentzioa eman zidaten arren, aginduak ematen jarraitu nuela adierazten zuen aktak, baina ez zen hala izan. Hori horrela, zigor gogorrak garesti ordaintzen dira. Izan ere, 12-20 partidu arteko zigorrak izaten dira, eta niri hamahiru partidutarako zigortu ninduten.

Ligako partidua zen, baina beste txapelketa batzuetan ere eragiten du zigor horrek, ezta?

Halaxe da. Guztira, hemeretzi partidutako zigorra izan dut. Lehenengo partiduan, Gora Bilbo taldearen aurkakoan, hiru partidutako zigorra izan nuen, eta gero, Osasunaren aurkakoan, beste hamahiru partidutakoa, baina, zigor gogorra denez, Euskal Kopako hiru partidutan ere eragin dit horrek, eta ez dut horietan zuzentzen egoteko baimenik izan.

Zigorra pasata, noiz bueltatuko zara taldea kantxan zuzentzera?

Asteburu honetan ez dago ligako partidutik, atsedenaldia dugu; izan ere, 19 urte azpiko selekzioen txapelketa jokatuko da. Bertan, gure taldeko Jokin Rayok eta Oier Azkunagak hartuko dute parte, eta, alde horretatik, oso pozik nago. Ni, berriz, hurrengo astean hasiko naiz, otsaileko lehenengo asteburuan jokatuko dugun jardunaldian. Kanpoan jokatuko dugu, Marrock taldearen aurka, Torrelavega ondoan; ea dena ondo doan eta ez naizen kaleratua izaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak