Dorleta eta Huhezi arteko zubibideko lanak, abian

Imanol Beloki Unamuno 2019ko urt. 25a, 09:12
Dorleta eta Huhezi arteko zubibideko lanak egiten.

Bi fasetan egingo dira lanak: batetik, espaloia jartzen aritu dira egunotan, Dorletako zubitik Aranburuzabala kaleraino. Bestetik, bigarren fasea egiteko, Ura agentziakoen baimena ezinbestekoa izango da Dorletako zubiari hegoa jartzeko.

Pasa den martitzenean hasi zituzten Huhezi Unibertsitatea eta Dorleta auzoa lotzen dituen bideko lanak. Eremu horretan, irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dituzte, eta bi fase izango dituzte.

Lehenengo fasean, Aranburuzabala kalea eta Dorletako zubia konektatzea izango da asmoa. Lan horiek egiten hasi dira dagoeneko, eta, horretarako, espaloia egiten izan dira astean. 2018ko aurrekontuetan jasotako lanak dira, eta, esleipena atzeratu egin bada ere, lanak hasita daude, eta laster amaituko dituztela aurreikusten da.

Bigarren fasean, berriz, hegal bat jarri nahi da Dorleta eta Huhezi unibertsitate arteko zubian. Hala ere, aztertzen ari dira oraindik, eta Ura uraren euskal agentziaren baimena ere ezinbestekoa izango da lanak egiteko. "Bigarren faseko asmoa zubi txiki bat jartzea da erreka pasatzeko, lehen fasean egin den espaloiari jarraipena emanez. Izan ere, oinezkoek errepidetik joan behar dute zubiko zatian, eta irisgarritasun aldetik beharrezkoa da hori egitea. Otsailerako edo martxorako ekarriko dugu proiektua Hirigintza eta Mugikortasun batzordera, baina, lanak hasita, lehenbailehen amaitzea da asmoa". Lan horiek exekutatzeko, 26.428,58 euroko aurrekontua ezarri da, eta Ojea enpresa ari da egiten.

'Eskoriatza slow city'

Eskoriatza slow city izeneko irisgarritasun eta mugikortasun planaren barruan, dagoen lanetako bat da Dorleta eta Huhezi unibertsitatearen artean egingo dutena, 2017ko abenduan Hirigintza batzordean aurkeztu zena. Bertan, lan horrekin batera, 52 ekintza batzen dira, eta horietatik 33 gauzatuta daude. Esaterako, Santa Ana, Arbiñoste eta Dorletako espaloiak, Kuatruenara bideko bidegorria… besteak beste.

Hurrengo lanak, Santa Marinan

Santa Ana eta Santa Marina artean, hiru fasetan banatutako lanak egingo dituzte. "Lehen faseko aparkalekuak eginda, bigarren faseari ekingo diogu; hau da, Santa Marinan parkea egitea. Lan horietarako, 24.000 euro inguruko aurrekontua daukagu, proiektuan, oraindik adjudikatu barik dagoena. Hirugarren fasean, aldiz, Jose Arana etxeen atzetik oinezkoentzako pasoa egitea izango da, eta, 80.964,89 euroko aurrekontuarekin, Morga enpresak egingo ditu. Lur jabeek ordainduko dituzte horiek, betiko urbanizazioa izango delako", adierazi du Josu Ezkurdiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak