"Herri hobea" eraikitzeko ahaleginean dabiltza

Imanol Beloki Unamuno 2019ko urt. 11a, 08:58
Herri bilera, Ibarraundin.

Bi herri bileratan eta zazpi elizateetan egindako batzarretan, 'Eskoriatzak merezi du' kanpaina aurkeztu du Udal Gobernuak. Bertatik ateratako emaitza "oso positiboa" izan dela adierazi dute; ekarpenez gain, foroetarako eztabaida gaiak sortu dira.

Eskoriatzak merezi du kanpainaren balorazioa egin du Udal Gobernuak, eta egindako herri bilerak "oso positiboak" izan direla adierazi dute. Agintaldiko lehenengo urtetik egin moduan, herri bileretan, urtean zehar egindakoen inguruko kontu-ematea egin zuen Joserra Zubizarreta alkateak, eta herritarrek ekarpenak egiteko eta eztabaidatzeko aukera ere izan zuten. Aurten, gainera, Eskoriatzak merezi du ekimena aurkeztu eta egindako ekarpenez gain, ekimen horren baitan proposatzen diren foroetarako eztabaida gaiak ere sortu ziren.

Udal Gobernuak hainbat herri bilera egin ditu, lehena azaroaren 12an Huhezin eta bigarrena azaroaren 14an Ibarraundi museoan. Hurrengo egunetan, elizateetara joan ziren, bertako biztanleen iritzia jasotzeko asmoarekin. Guztira, 110 pertsona inguru bildu ziren, eta zenbait gairen inguruan argibideak eskatzeko eta ekarpenak egiteko aukera izan zuten.

'Hiri berritze plana' baztertu gabe

Agintaldi hasieran, Udal Gobernuak herritarren partaidetzan oinarritutako Hiri berritze plana abiarazi zuen. Egitasmo horretan, ekarpen konkretuak jaso dituzte, hiri altzarien inguruko ekarpenak, argiteriaren ingurukoak… Eskoriatzak merezi du, ekimenak, ordea, herritar guztien artean adostu beharreko gaiak landu nahi ditu foroetan, baita herritarrak inplikatu eta kontzientziatu ere. Txakurren ordenantza dela, gaizki aparkatutako ibilgailuen arazoari irtenbidea ematea dela… Hala, Hiri berritze plana baztertu gabe, Eskoriatzak merezi du ekimenarekin pauso bat harago joan nahi izan dute. Hori horrela, herritarrek zenbait gai jarri zituzten mahai gainean, foroetan eztabaidatzeko modukoak, eta zenbait gairen inguruan kontzientziazioaren beharra ere azpimarratu zuten. Patinekin espaloietan ibiltzearen inguruko gaia, autobus zerbitzuarena edota oinezkoentzako guneen arteko oreka bilatzea, besteak beste.

Eskerrak herritarrei

Herri bileren balorazio positiboa eginda, Joserra Zubizarreta alkateak "izugarri" eskertzen die herritarrei bileretara bertaratu izana, eta, bereziki, bileretan egindako ekarpenak. Hala, parte-hartze dinamika horiekin eta herritarrenganako entzute aktiboarekin jarraitzeko asmoa berretsi dute, herritar guztien artean egindako Eskoriatza, Eskoriatza hobea izango dela gaineratuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak