Erritmo dantzagarriak izango dira Inkernun

Imanol Beloki Unamuno 2018ko abe. 21a, 14:28
Anita Parker taldeko musikariak.

Abenduaren 25ean, Anita Parker taldearen kontzertua izango da Inkernu tabernan, 22:00etan. Abenduaren, 26an, berriz 'Lope, El Dorado espedizioa' filma izango da ikusgai. Horrekin batera, Zaldibar antzokian hainbat antzerki izango dira.

Urtero moduan, abenduaren 25ean, kontzertua izango da Inkernu tabernan, 24 gaueko parrandako ajeari buelta emateko. Hori horrela, aurten, Anita Parker taldea izango da oholtza gainean. 22:00etan izango da kontzertua, eta erritmo dantzagarriekin disfrutatu ahal izango dute bertaratzen direnek.

Iñaki Bengoa eta Jon Zubiaga Osoron arrasatearrak daude taldean, Gose taldeko musikari ohiak, eta, beraiekin batera, Skalariak taldeko sortzaile Olatz Andueza lakuntzarra eta Zango taldeko Ane Martinez bilbotarra.

Musika dantzagarria

Swing estiloan oinarritutako taldea bada ere, musika elektronikoarekin uztartzen dute, eta, horrekin batera, raparekin nahastuta eta bestelako estiloak uztartuz, estilo berezi eta dantzagarria eskaintzen dute. Bi disko dituzte: lehenengo diskoak sei kantu batzen ditu eta bigarrena, berriz, elektronikoagoa izan arren, bi diskoetako kantuez disfrutatu ahal izango da Inkernun.

Oñatikoen umorea, Eskoriatzara

Oñatiko LPM taldeak egindako filma da Lope, El Dorado espedizioa, eta abenduaren 26an izango da horren proiekzioa, 19:00etan, Inkernun. Umorea nagusi, filmean, Lope Agirre konkistatzailearen itzulera kontatzen da. Oñatiko independentzia berreskuratzeko asmoz, 2019ko udal hauteskundeen atarian Lope Agirre Oñatira itzuliko da eta Marañoien taldea eratuko du. Agirrek 1561ean El Dorado espedizioan bizi izandako abenturak gogora ekarriko ditu ikus-entzunezkoak eta baita Espainiako Felipe erregeari idatzi zion eskutitza ere.

'Desbloqueadas' lana antzokian

@r emociones Eskoriatzako antzerki taldeak bi saio eskainiko ditu, domekan, Zaldibar antzokian. Lehenengo saioa 19:00etan izango da, eta, sarrera guztiak agortu direnez, beste saio bat eskainiko dute, 21:00etan.

 Domekako bi saioez gain, zapatuan, Patata Tropikala antzerki taldeak eskainitako Denboraren taupadak izeneko ikuskizuna izango da ikusgai, Zaldibarren. 4 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako lana 18:00etan izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak