Aurrekontu prestaketan adostasuna lortu dute

Imanol Beloki Unamuno 2018ko abe. 14a, 09:02
2019ko aurrekontu proposamenaren barruan, kiroldegi aurreko jolas-parkea berritzea aurreikusten dute.

2019ra begirako aurrekontuak abenduaren 18an izango dituzte hizpide osoko bilkuran. Aurreikusten duten inbertsio nagusietako bat da San Pedro auzoan Manuel Muñoz kiroldegi aurrean dagoen 'Partxis' jolas-parkea berritzea.

Eskoriatzako udalbatzako ordezkariek abenduaren 18an izango dituzte hizpide 2019. urtera begirako aurrekontuak. Udal Gobernuak proposamena eskaini zien beste alderdietako kideei, eta horien bueltan lanean izan dira azkenaldian. "Elizateen elkartearekin eta Bildukoekin aurrekontuak babestu ditugu. Pozik gaude, akordio zabalarengatik, eta osatu dugun aurrekontu proposamenarekin", adierazi du Josu Ezkurdiak, Mugikortasun eta Hirigintza batzordeburuak.

Diru gehiago erabilgarri

Diru sarrerei dagokienez, Foru Funtsa handitu egingo da datorren urtera begira. 138.000 euro handituko da. Iaz baino %5 gehiago. Inbertsioei dagokienez, berriz, diru kopurua asko handituko dela adierazi du Ezkurdiak: "230.000 euro izatetik 310.000 euro izatera pasako gara, %34 gehiago. Gastu sozialean ere, Gizarte Zerbitzuetan asko handitu dugu diru kopurua: 600.000 eurotik 777.000 euro izatera pasako gara; hau da, %27 gehiago".

Inbertsio nagusiak

Inbertsioen barruan, honako lan hauek egitea aurreikusten dute: San Pedro auzoan Partxis izeneko jolas-parkea goitik behera aldatu nahi dute. Horretarako, 80.000 euroko aurrekontua aurreikusten dute. Horrekin batera, brigadako langileentzat ibilgailu berria erosi nahi dute –74.000 euro–. Eta elizateetan, berriz, 60.000 euro izango dituzte argiteriarendako eta bideen konponketarako, eta kaleko argiteriarako 43.000 euro erabili nahi dituzte.

EH Bilduren ekarpenak, aurrera

EH Bilduko Aitor Zubizarreta bozeramaileak adierazi duenaren arabera, akordioa egingo dute alderdi jeltzalearekin eta Elizateen elkartearekin batera, eta, sinatzeko dagoen arren, aurrekontu proposamenean landu denarekin "pozik" agertu dira.

"Oinarrizko hiru puntu gaineratu nahi izan ditugu aurrekontu proposamenean. Prekarietatearen kontrako akordioa, hau da, Eskoriatzako argazki bat egiteko mahai bat osatzea, eta gaia lantzea. Kale hezitzaileekin batera, nerabeei arreta ezartzeko urratsak egitea. Eta, azkenik, Euskal presoak pairatzen duten dispertsioaren kontrako konpromezua adieraztea, senidei dirulaguntzak berreskuratuz".

Horrez gain, beste hainbat konpromisorekin bat egiteko eskaera ere egin diete EH Bildukoek Udal Gobernuko kideei: Atxorrotxeko indusketak, Gatz Bidie eta talde zapatistari urtero ematen zaion laguntza bikoiztea, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak