Gabonei ongietorri gisa, argiak piztuko dituzte

Imanol Beloki Unamuno 2018ko abe. 5a, 08:00
Gabonetako argiak piztu ostean suziriak botatzen.

Eskoriatzan, beste herrietan moduan, deseatzen daude herritarrak Gabonetarako. Hori horrela, motorrak berotzen joateko, Gabonetako argiak piztuko dituzte gaur, eguaztena, Fernando Eskoriatza plazan.

Piztuera ekitaldi horrekin batera, egitarau ederra antolatu du Udalak, eta ekintza horiekin emango diete hasiera Gabonei, Eskoriatzan. Hasteko, umeentzako eskulan tailerrak izango dira, iaz moduan, eta horiek egiten laguntzen ludotekako begiraleak izango dira. Horrekin batera, Merkatari proiektuko kideak ere bertan izango dira aurten, trebezia jokoekin. Hori horrela, Gabonetako apaingarri ezberdinak egiteko eta jolas ezberdinak probatzeko aukera izango dute bertara hurbiltzen diren haurrek. 18:00etan, berriz, txokolate-jana izango da herritarrentzat. Kultura etxeko erretiratuen tabernatik banatuko dute txokolatea, eta bakoitzak bere edalontzia eramatea eskatu dute antolatzaileek. 

Merkatarien Iragarkia

19:00etan, aldiz, astelehen honetan aurkeztu berri duten Merkatari aplikazioaren aurkezpena egingo dute herritarren aurrean. Horretarako, herriko komertzioetakoek egindako iragarki bideoa proiektatuko dute plazan. Aurkezpenean adierazi zuten moduan, Eskoriatzako 36 komertziok hartu dute parte proiektuan eta aplikazioaren helburua herriko merkatarien eta bezeroen arteko komunikazioa hobetzea da. Hala, zozketa ere jarriko dute martxan, bihartik aurrera aplikazioa erabiltzen dutenen artean.

Hori amaitzean, Gabonetako argiak piztuko dituzte, Juan Karlos Zubiak botako dituen koloretako su artifizialekin lagunduta.

Argiak herri osoan

Argien piztuera Fernando Eskoriatza plazan egingo da, baina, agintaldi honen hasieratik, herriko zazpi elizateetan ere jarri izan dituzte urtero Gabonetako argiak. "Aurreko urteetan, elizate guztietan jarri izan ditugu argiak, Zarimutzen izan ezik. Horiek Marulandan jarri izan ditugu, baina, beraien eskaria betez, elizatean bertan ere jarri ditugu aurten", adierazi du Joserra Zubizarreta alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak