Indarkeria matxista gaitzesteko ekintza ugari

Imanol Beloki Unamuno 2018ko aza. 23a, 09:00
Txoko heziketzailea, Eskoriatzako gaztelekuan margotu berri duten murala.

Domekan izango da Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna, eta, Udalak deituta, elkarretaratzea egingo dute, plazan, 12:00etan. Horrez gain, martitzenean hitzaldia eta asteburuan gaztelekuko nerabeen ekintzak izango dira, besteak beste.

Azaroaren 25a da Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna, eta, horren bueltan, hainbat ekintza izango dira datorren astean Eskoriatzan. Asteon, bestalde, Bertha Gaztelumendik zuzendutako Volar izeneko dokumentalaren proiekzioa izan da, Zaldibar antzokian

Herritarrek eguaztenean ikusi ahal izan zuten ikus-entzunezkoak indarkeria jasan duten bederatzi emakumeren testigantzak jasotzen ditu, eta lan horren helburua da testigantzen bitartez indarkeriazko jokaerak aldatzea eta herritarrak kontzientziatzea. Hala, proiekzioaren ostean, Asociacion de Mujeres al Cuadrado elkarteko bi kidek solasaldia eskaini zuten. Aholkuak eman zituzten, genero berdintasuna eta indarkeriarik gabeko jendartea errealitatea izan daitezen, eta ez utopia.

Elkarretaratzea domekan

Domekarako, 12:00etarako, elkarretaratzea deitu dute Eskoriatzako Udalak, Feminista Taldeak eta Gu Denon Elkarteak. Hain zuzen, Fernando Eskoriatza plazan izango da, eta Udaleko ordezkari politikoek herritarrak gonbidatu nahi dituzte Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunarekin bat egitera. Horrekin batera, pankarta bat egingo dute, gertatu diren indarkeria matxista datuekin, eta, elkarretaratzea amaitzean, pankarta herriko sarrerako zubian jarriko dute.

Tratu txarren gaineko hitzaldia

Martitzenean, berriz, Tratu txarrak, erasotzailearen profila izeneko hitzaldia izango da, 18:00etan, kultura etxean. Ele bitan izango den saioa Euskadiko Birgizarteratze Institutuko Jorge Porrasek eskainiko du.

Gaztelekuko ekintzak

Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunarekin bat eginez, hainbat ekintza antolatu dituzte gaztelekuko nerabeek. Zapatuan, 18:00etan, Gaztelekuko gazte nagusienek feminismoa zer den azalduko diete gazteenei, merendola baten bueltan.

Domekan, aldiz, 18:00etan, txoko hezkidetzailea inauguratuko dute, eta, ostean, trikiti doinuz beteta egongo den kontzertua eskainiko du Gona Gorriak, Eskoriatzako neska gazteek osatutako taldeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak