Urduñako topaketan, banden zikloa ixten

Imanol Beloki Unamuno 2018ko aza. 23a, 10:55
Eskoriatzako, San Asensioko eta Urduñako bandak batera, zapatuan eskainitako topaketan.

San Asentzion eta Eskoriatzan topaketa eginda, joan den zapatuan zikloa itxi zuen Eskoriatzako Bandak, Urduñan egindako topaketarekin. Gaur, berriz, Santa Zezilia egunaren bueltako kontzertua eskainiko dute Zaldibar antzokian, 20:00etan.

Atzo izan zen Santa Zezilia, musikarien zaindariaren eguna, eta, horren bueltan, kontzertua eskainiko dute gaur Beheko Errota Eskoriatzako Musika Eskolako bandako musikariek, Zaldibar antzokian, 20:00etan.

Jesus Urrutia bandako zuzendariaren gidaritzapean eskainiko duten lehenengo kontzertua izango da, eta herritarrak gonbidatu nahi dituzte bertan izango den emanaldira.

Batuta aldaketa

Aspaldi adierazi bazuten arren, Angel Bañares bandako zuzendariak kargua utzi, eta Jesus Urrutiak hartu zion erreleboa. Hala, ofizialki egiteko, emanaldiaren lehenengo pieza Bañaresekin eskainiko dute bandako musikariek, eta hortik aurrerakoak Jesus Urrutiaren gidaritzapean eskainiko dituzte. Honela, Jesus Urrutia Eskoriatzako bandako zuzendariaren lehenengo kontzertua izango da.

Santa Zeziliaren omenez herriko bandak emandako udazkeneko kontzertua doakoa izango da, eta, besteak beste, honako pieza hauek eskainiko dituzte: African Symphony, Coliseum, Arraunlariak…

Urduñako topaketa

Eskoriatzako, San Asensioko eta Urduñako bandek hainbat topaketa egiten dituzte; banda guztiak elkartu, eta musika oinarri izanda asteburu eder bat pasatzeko eta elkarren arteko harremanak sendotzeko asmoz. Hori horrela, pasa den zapatuan, Urduñan egin zuten, hirugarren urtez, topaketa. 2016an, San Asension; iaz, Eskoriatzan; eta pasa den asteburuan, Urduñan egin zuten. Oso ondo pasatu zutela adierazi du Eneritz Korujo Eskoriatzako bandako kideak: "Goiza kalejirarekin hasi genuen, banda bakoitza herriko puntu batetik hasita. Hala, plazan elkartu ginen, eta bertan bi pieza eskaini genituen hiru bandok batera; gutxi gorabehera, 100 musikari elkartu ginen. Guztiok batera bazkaldu, eta 19:00etan, berriz, kontzertua eskaini genuen. Banda bakoitzak bi pieza jo zituen, eta hirurok batera beste hiru jo genituen, Jesus Urrutiaren gidaritzapean". 

Topaketarekin segitzeko asmoz

Eskoriatzako bandako 30 musikari izan ziren Urduñan, eta, hiru herrietan topaketa eginda, zikloari amaiera eman diote. Hala ere, egitasmo horrekin jarraitu nahi dute, eta, eguna zehaztu barik duten arren, datorren urtean San Asentzion batzeko asmoa dutela adierazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak