Hiru egunez, hiru pintxo berezi izango dira aurten

Imanol Beloki Unamuno 2018ko aza. 14a, 17:05
Akeita tabernak prestatuko duen 'Neguari Koxk' pintxoa.

Eskoriatzako Udalak antolatuta, III. pintxo lehiaketa izango da, egubakoitzean hasi eta domekara arte. Parte hartuko duten tabernak ere hiru izango dira, Akeita, Urrestilla eta Mirentxu, eta bertako produktuak erabiliz pintxo bereziak izango dituzte.

Herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko eta pintxoak egiterakoan bertako produktuak erabiltzeko helburuarekin, Eskoriatzako Udalak hirugarren urtez antolatu du pintxo lehiaketa. Egubakoitzean, 18:30ean, hasiko da, eta, domekara arte, Akeita, Urrestilla eta Mirentxu tabernek egunerako prestatu dituzten pintxo bereziak probatzeko aukera izango da.

Brazztet MV Brass Band taldea

Egubakoitzean, 18:30ean hasiko da lehiaketa, eta, giroa berotzeko, ordu berean, Brazztet MV Brass Band taldea arituko da lehiaketan parte hartuko duten tabernen inguruan giroa alaitzen. Metal, haize eta perkusioko zazpi musikarik osatzen dute taldea, eta jazz, swing, blues, funk, hip hop, latindar saltsa, rock fusio eta reggae estiloak uztartzen dituzte.

Pintxo bakoitza 1,80 eurotan

Egubakoitzean, hasiko da lehiaketa, eta domekan, 14:00etan, izango da sari banaketa, herriko plazan. Pintxo bakoitzak 1,80 euroko prezioa izango du, eta ordutegi hauetan probatu ahal izango dituzte herritarrek Akeita tabernak prestatutako Neguari Koxk, Urrestilla tabernaren Kokotxa-nel eta Mirentxuren Frantsesatxue pintxoak: goizez, 12:00etatik 15:00etara bitartean; eta arratsaldez, 18:00etatik 21:30etara bitartean. Noski, pintxo bakoitza egin duen tabernan. 

Domekan, eguerdiko hamabietatik aurrera, herriko plazan egongo dira lehiaketan parte hartuko duten tabernetako ordezkariak beraien pintxoak eskaintzen, txistulariek lagunduta. Hala, 14:00etan, epaimahaiko kideek pintxoak probatuko dituzte eta sari banaketa egingo da. Irabazleak 300 euro eta trofeoa jasoko ditu.

Herritarren botoen garrantzia

Hirugarren pintxo lehiaketako pintxo onena aukeratzeko, epaimahaiaren eta herritarren botoak hartuko dira kontuan. Herritarrek tabernetan egongo den eskuorria erabili beharko dute botatzeko. Probatutako pintxo bakoitzeko zigilu bat jarriko du tabernak eskuorrian, dagokion lekuan. Hiru zigiluak izandakoan –herritarraren botoak balio izateko, gutxienez, hiru pintxo ezberdin dastatu beharko ditu–, pintxo onena aukeratzeko atala bete eta, hain zuzen, parte hartzen duten tabernetan egongo diren kaxetan utzi beharko da. 

Botatzen dutenen artean 50 euroko bi sari zozketatuko dira, gainera: bat, parte hartu duten tabernetan gastatzeko izango dena; eta bestea, Eskoriatzako edozein dendatan gastatzeko izango dena.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak