Pirritx, Porrotx eta Marimototsen lan berrian urteari errepasoa egiten diote pailazoek, eta urte osoko pertsonaiak oholtzan desfilatzen aritu dira. Euren aurrean kiroldegiko harmailak beteta, eta baita kantxa ere. Santa Agedan jardun dute, suaren bueltan ibili dira, haurrek duela gutxi ospatu duten Arimen Gauan ere murgildu dira –Debagoienean Gaba Baltza–, laster etorriko den Olentzero ere izan dute berbagai... Arratsaldeko anekdota argi itzalaldia izan da, baina pailazoak hamar minutuz izoztuta geratu dira, taulagainean geldi, eta argia bueltatu denean ikuskizunarekin jarraitu dute, ezer gertatu ez balitz moduan. Hala, inor ez da geratu musu barik.