Urriaren 22an eta 24an egin ziren aholku-sorta saioak Eskoriatzan. Horien helburua da Euskaraldian izena eman dutenek praktika txiki batzuk egitea, Euskaraldiko ariketa soziala nola egingo den jakiteko, eta egitasmoaren lehen egunetara iritsi aurretik beharrak landu eta ekimenera segurtasunez iristea.
Aholku-sorta saioak proba bat izan ziren, prestakuntza horrek balio ote zuen ikusteko: "Bi saioak oso desberdinak izan ziren jendearen kopuru aldetik, baina baita parte hartu zuten pertsonen profilengatik ere; beraz, probatzeko, oso interesgarriak izan ziren biak ala biak. Parte hartu zuten guztiek aitortu zuten saioa egin aurretik zekitena baino informazio hobea zutela, konfiantzaz parte hartuko zutela eta interesgarria iruditzen zaiela informazio hori beste hainbat herritarri ere zabaltzea", adierazi du Mari Karmen Arrietak, Euskaraldia Eskoriatzako batzordekideak.
Hori horrela, informazio saio gehiago egingo dituzte, hainbat egun, ordu eta lekutan, herritarrei aukerak desberdinak eskaintzeko. Talde bakoitzean plaza kopuru mugatua egongo da, eta izena ematea komeni da. Izena emateko azkeneko eguna saio bakoitza baino egun bi lehenago izango da. Horretarako, kultura etxera joan edo 943 71 46 88 telefonora deitu behar da.
Hona hemen dauden aukerak:
- Euskaltegian 2 saio egongo dira: Azaroak 5, astelehena: 10:00etan eta 17:30ean
- Kultur etxean:
- Azaroak 6, asteartea: 18:00
- Azaroak 7, asteazkena: 11:00
- Azaroak 8, osteguna: 19:00
- Azaroak 9, ostirala: 11:00
- Azaroak 10, larunbata: 11:30
- Azaroak 11, igandea: 15:00
- Azaroak 12, astelehena: 18:00
- Azaroak 14, asteazkena: 15:30
Virginia Imazi elkarrizketa
Informazio saioez gain, Virginia Imaz antzerki zuzendari eta ipuin kontalaria elkarrizketatuko du datorren eguaztenean Dorleta Kortazarrek, Euskaraldiaren baitan. Elkarrizketa intimoa eta goxoa izatea da antolatzaileen asmoa, Virginiaren lanetik harago elkarrizketa pertsonalagoa eskainita. Hala, 19:00etan, izango da, Zaldibar antzokian, ele bitan, eta Imazen lanbideaz, euskaraz, eta abarrez hitz egingo dute, 16 urtetik gorakoei zuzendutako saioan.