Ostalariak prest daude Pintxo Lehiaketarako

Imanol Beloki Unamuno 2018ko urr. 31a, 11:27

Eskoriatzako II. Pintxo Lehiaketako partaide eta epaimahaikideak, iaz, udal ordezkariekin.

Azaroaren 16tik 18ra bitartean, biak barne, izango da herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko Pintxo Lehiaketa. Aurten, hirugarren edizioa izango da, eta Eskoriatzako edozein tabernak parte hartu ahal izango du.

Eskoriatzako Udalak hirugarren Pintxo Lehiaketa antolatu du azaroaren 16tik 18ra, biak barne. Lehiaketak, aurreko edizioetan moduan, herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko helburua izango du, eta, hain zuzen, parte hartzeko dei egin dute udal ordezkariek.

Pintxo Lehiaketan parte hartu nahi dutenek baldintza eta oinarri batzuk bete beharko dituzte, eta horiek ikusgai daude dagoeneko Eskoriatza.eus webgunean. Lehiaketa azaroaren 16an 18:00etan hasiko da, eta azaroaren 18an 14:00etan amaitu. Herriko ostalaritza eta merkataritza sustatzea da helburua; Eskoriatzan ekoiztutako produktu bat, gutxienez, erabiltzea derrigorrezkoa izango da, eta produktuen jatorria publiko egingo da. Horrez gain, gainontzeko osagaien %50 edo gehiago Eskoriatzako dendetan erositakoak izatea baloratuko du epaimahaiak.

Taberna parte hartzaile bakoitzak pintxo bakarra aurkeztu ahal izango du lehiaketara, eta parte hartzaile bakoitzak pintxoaren izena, osagaiak eta argazkia eraman beharko ditu Ibarraundi museora, edo posta elektronikoz hara bidali. Gaur da horretarako azken eguna.

Lehiaketara begirakoak

Pintxo bakoitzak 1,80 euro balioko du eta azaroaren 16etik 18ra arte eskuragarri egon beharko dute –biak barne–, ondorengo ordutegian: 12:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 21:30era. Herritarrak pintxoa dastatu ondoren, tabernariak zigilu bat jarri beharko dio triptikoan, bere tabernari dagokion lekuan, eta herritarraren botoak balio izateko, gutxienez, hiru pintxo ezberdin dastatu beharko ditu. Triptikoko boto-papera bete ondoren, tabernetan egongo diren kutxetan botoa uzteko aukera izango da, zapatura arte. Sari banaketa, berriz, azaroaren 18an egingo dute, plazan, 14:00etan. Irabazlea aukeratzeko botoak epaimahaiak eta herritarrek emango dituzte, eta domekako 13:30ak arte izango dute bozkatzeko aukera.

Saria bakarra izango da, 300 euro eta trofeoa, eta, pintxo onena aukeratzeko, aurkezpena, zaporea, originaltasuna eta erabilitako produktuak herrian erositakoak izatea hartuko dituzte aintzat.

Parte-hartzea handitu guran

Iaz, lau ostalarik hartu zuten parte Pintxo Lehiaketan. Hori horrela, hirugarren edizioari begira, parte-hartzea handitu gura du Eskoriatzako Udalak, denei parte hartzeko eskatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak