"Gurutze Gorria ez da bakarrik errepidetan ikusten ditugun anbulantziak"

Jokin Etxebarria 2018ko urr. 27a, 13:32
Gurutze Gorria Eskoriatzan

Debagoieneko Gurutze Gorriak bere lana ezagutzera eman du Eskoriatzan. Horretarako informazio puntu bat, auto desberdinak eta umeek jolasean ibiltzeko hainbat jostailu eta jolas jarri dituzte.

Debagoieneko Gurutze Gorria, bere lana zertan datzan ezagutzera emateko, urtean pare bat alditan, gure herrietako kaletara ateratzen da herritarrari bere proiektua erakustera. Gaur, zapatua, Eskoriatzako plazan izan dira hainbat boluntario eta eguraldia lagun izan ez badute ere, irribarre batekin hartu dute informazio puntura gerturatu den oro.

Lau puntu ezberdinetan, umeendako jolasak, informazio puntua, erabiltzen dituzten auto ezberdinak erakusten duen tokia eta BBB (bihotz-biriketako bizkortzea) tailerrak egiteko leku bat jarri dituzte.

Gurutze Gorrikoak jolasean

Jostailu Hezitzailea eta Eskola Arrakasta

Elena Ibarrondo Eskoriatzan egon den boluntarioetako bat da eta argi dauka oraindik jendeak ez daukala guztiz barneratuta zein den beraiek egiten duten lana: “Gurutze Gorria ez da bakarrik errepidetan ikusten ditugun anbulantziak”. Horregatik irteten dira kalera aurrera eramaten dituzten proiektuak ezagutaraztera; horien artean: Jostailu Hezitzaile eta Eskola Arrakasta.

Orain dela 3 bat urte hasi ziren aurreneko proiektuarekin. Helburua da haur bat bera ere ez gelditzea Gabonetan oparirik gabe. “Jostailuak ez sexistak, indarkeria bultzatzen ez dutenak eta hezitzaileak izaten dira. Eta berriak noski, guk gure haurrei ere ez dizkiegu besteek emandako opariak erregalatzen normalean”. Proiektua arrakasta polita izaten ari da eta bigarren pauso bat eman nahi izan dute: “Gabonetan soilik ez, haur hauei euren urtebetetzetan opariak eman nahi izan dizkiegu. Opari xumeak dira, baina behintzat ezer gabe ez dira gelditzen”.

Eskola Arrakasta da proiektu berriena. Kontziente dira haur askok arazoak izaten dituztela euren eskoletan, bai integratzerako orduan eta baita eginbeharrekin aurrera egiterakoan ere, eta horretan ere, Gurutze Gorriak, lagun izan nahi du.

Boluntario egiteko aukera

Boluntarioen laguntza

Boluntarioek egiten duten lana oso garrantzitsua da horrelako proiektuak aurrera atera ahal izateko. “Diruz laguntzen duen jendea badago eta oso eskertzekoa da baina boluntarioak beti dira beharrezko” dio Elena Ibarrondok. Azken denboran boluntario moduan lan egin nahi duen jendea pasa da Elorregiko egoitzatik Ibarrondok aitortu duenez “baina beti izaten dugu boluntario falta, zenbat eta lanerako jende gehiago orduan eta lan gehiago egin dezakegulako. Gainera, norberaren barrua betetzen duen lana da besteei laguntzea”.

Boluntario edota Gurutze Gorriko bazkide egiteko aukera ere eduki du jendeak eskoriatzan, baina Elorregiko egoitzara joan daiteke informazio bila nahi duenak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak