Gaztelumendi, Bartra eta Arana ahizpen bertso saio aparta atzo Eskoriatzan

Amaia Zabala 2018ko urr. 27a, 12:44

Haizea Arana eta Oihana Arana ahizpa eskoriatzarrak, Beñat Gaztelumendi añorgarrak eta Oihana Bartra bilbotarrak bertso saio aparta eskaini zuten atzo Eskoriatzako Zaldibar Antzokian. Gai jartzailea Iker Iriarte alegiarra izan zen.

Kataluniako errepublika aldarrikapenaren urteurrenarekin hasi zuten bertso saioa, bertsolari bakoitzak bina bertso bota zituelarik eta jarran ofiziokako tartea izan zuten. Haizea Arana eta Oihana Bartra aritu ziren elkarrekin loteriaren gaiean eta ondoren Gipuzkoako Bertso Txapelketako irabazle den Beñat Gaztelumendiren eta Oihana Aranaren tartea izan zen. Iriarte gai jartzaileak Berria eta El Diario Vascoren arteko ezberdintasunen gaia aukeratu zuen bikote honentzat eta biak ere primeran moldatu ziren, joku handia eman baitzuten.

Behin ofiziokako atala amaituta, Bartra, bertsolari bilbotarra, bakarkakoan aritu zen, gai librean, eta ikus-entzuleek izugarri disfrutatu zuten. Jarraian Haizea Arananaren txanda izan zen, dendariaren rolla hartu  bertsolari bakoitzari zer oparituko liokeen esanez bertsoa bota zion, ondoren, hauek bertso banarekin erantzun ziotelarik. Haizea Aranak dio hasiera batean urduri hasi zuela emanaldia baina behin saioa aurrera joan hala oso gustura egon zela eta asko disfrutatu zuela. Emanaldi guztian zehar bertsolari guztiek maila polita erakutsi zuten.

Oro har, gizarteko gai pila jorratu zituzten, ordu aldaketa, ikasleak eta azterketak, bidaiak eta pobrezia esaterako. “Umorezko momentu pila egon ziren, txiste asko ere bai eta jendeak barre asko egin zuen, baina momentu serioagoak ere bai, pobreziaren gaiaren unean esaterako eta publikoak primeran erantzun zuen une horo” dio Haizea Arana eskoriatzarrak. 22:00etan hasi eta ordu eta erdi inguru iraun zuen ekitaldiak, hogeita hamar bat lagun bildu ziren bertan eta sarrera lau euro izan zen.

 

Aurtengoa kurtso hasierako bertso jaialdiaren bigarren edizioa izan da, Eskoriatzako Udalak eta herriko Hankamotx bertso eskolak antolatuta eta Haizea Arana antolatzailearen esanetan antolatzen jarraitzeko ilusio handia dute.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak