Arimen Gaua ekintza berriekin dator

Imanol Beloki Unamuno 2018ko urr. 26a, 11:35

Tortolis ludotekako haurrek egindako kalabaza hustea.

Xanduli, Manduli, kikirriki! eman gozokiak guri! esamoldea erabilita arituko dira haurrak urriko azken egunean, urriaren 31n, urteko gaurik beldurgarrienean gozokiak eskatzen.

Azken urteetan bezalaxe, Eskoriatzako Udalak, Gaztelekuak, Tortolis ludotekak eta herritarrek prestatu dute Arimen Gaua jaia urriaren 31rako. Aurten, gainera, ekintza berriak antolatu dituzte, mitologia, misterioa eta beldurra uztartzeko asmoz.

Ohitura zaharra

Ahotsak ataritik jasotakoaren arabera, Arimen Gaua 1950eko hamarkadara arte, gutxienez, Euskal Herriko herri eta eskualde gehienetan bizirik iraun zuen ohitura izan zen. Gaur egungo Halloween komertzialagotik desberdin samar, baina, funtsean, jai berbera zen: gazte kuadrillak elkartu, kalabazak edo arbiak hustu, kandelak sartu barruan, eta kalez kale ibiltzen ziren beste batzuk beldurtuz… eta guztia ere heriotzarekin estuki lotutako giroan. Eskoriatzan, azken urteetan bezalaxe, aurten ere, ohiturarekin bat egingo dute.

18:30ean, Arimen Ibilbidea egingo dute. Plazan hasita, Tortoliseko ludotekariek eta txirikilakoek gidatuta, Bidebarrietan zehar ibilbidea egingo dute haurrek. Bertan, herritar batzuk ipuin eta pasadizoak kontatzen arituko dira, 7 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutakoa izango da. 20:00etan, Akelarrea egingo dute plazan. Herriko dantzarien eta txistularien txanda izango da. Haurrek eta helduek elkarrekin egingo dute dantza pertsonaia beldurgarri batzuez lagunduta. Dantza saioa amaitzean, sorgin-edabea banatuko da plazan. Horretarako, edalontzia eroateko dei egin dute antolatzaileek. Amaitzeko, beldurrezko film labur emanaldia izango da gaztelekuan. Eguraldi txarra egiten badu, plazako ikuskizuna frontoian izango da.

Egitaraua

Herriko plazan

• 18:30 Arimen Ibilbidea. Herritarrak kontu kontari arituko dira. Plazatik hasiko dute ibilbidea eta Bidebarrieta ingurura joango dira; 7 urtetik gorakoentzat.

• 20:00 Akelarrea. Herriko haur eta helduek dantzatuko dute.

• Ondoren Sorgin-edabea.

Gaztelekuan

• 20:30 Beldurrezko film laburren emanaldia. 12 urtetik gorakoei zuzenduta egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak