Kiroldegiko tasa %2,27 igoko da datorren urtean

Imanol Beloki Unamuno 2018ko urr. 24a, 15:56
Manuel Muñoz kiroldegiko eraikina. Eskoriatza K.E

Ura %1,21 igoko da. Bi horiek dira 2019an igoera izango duten udal zerga bakarrak. Gainerakoak mantendu egingo dira, udalbatzak hala erabakita. Eguaztenenean egin zuten osoko bilkura eta han hartu zuten erabakia, aho batez.

Eguaztenean, 2019rako Ordenantza Fiskalak aldatzeko hasierako onarpena izan zuten hizpide udalbatzako kideek, urriko osoko bilkuran. Aipatzekoak bi igoera dira: batetik, Manuel Muñoz kiroldegiak %2,27ko igoera izango du, eta, bestetik, ura %1,21 igoko da; Ur Partzuergoak ezarritako igoera izango du. Gainontzeko tasek ez dute aldaketa handirik izango.

Datorren urteko zerga ordenantzak aho batez onartu zituzten Eskoriatzako alderdi politiko guztiek eguaztenean egindako urriko osoko bilkuran. Josu Ezkurdia Mugikortasun eta Hirigintza batzordeburuak adierazi zuenez, aldaketa handirik ez da egongo, bi zergatan izan ezik: "Manuel Muñoz kiroldegiko abonamenduan, iaz moduan, kontsumo prezioen indizea besteko igoera onartu dugu: %2,27, hain zuzen. Horrez gain, ura ere igoko da; Ur Partzuergoak ezarritako igoera, alegia. Beste ordenantza guztien aldaketak, bestalde, teknikoak eta txikiak dira, eta ez dira oso nabarmenak".

Iaz, 360.000 euro jaso zituen Udalak uren tasetatik, eta aurten, kopuru horrek %1,21eko igoera izango du. Kiroldegitik, berriz, 160.000 euro jaso zituen, eta 2019ra begira %2,27ko igoera izango du kopuru horrek. Manuel Muñoz kiroldegiko igoerarekin, honako hauek dira urteko kuotak: familia-abonamendua 155,40 euro; familia ugaria, 124,20 euro; eta abonamendu normala, 114 euro.

Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen truke herritarrek ordaindu beharreko tasak dira zerga hauek, urtez urte lantzen eta onartzen direnak. Eguaztenean onartutakoak 2019an aplikatuko dira eta urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean.

Gai zerrendatik aipatzeko beste puntu bat mendekotasunak prebenitzeko Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalen plana onartzea izan zen. Plana bost urterakoa izango dela adierazi zuen Joserra Zubizarreta alkateak: "Plan honek Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergo eta Lanbideko ikasleak hartzen ditu. Onartu beharra daukagu, gero, Jaurlaritzak onartu eta diru-laguntzak bideratu ahal izateko". 

Kanposantua eta zerga bilketa

Galde-eskeen tartean, berriz, Aitor Zubizarreta EH Bildu alderdiko bozeramaileak hainbat galdera egin zituen. Alde batetik, azaroaren 1ean Domu Santu eguna izango da, eta kanposantura igotzeko Leteko bidean dauden obrak direla-eta, neurriren bat hartuko den galdetu zuen. Hain zuzen ere, eta horri erantzunez, Udal Gobernuko kideek gomendatu zuten autoa ahalik eta gutxien erabiltzea; izan ere, udaltzainen presentzia handitu egingo dute eremu horretan eta Olazarren gora hesia jarriko dute.

Horrez gainera, Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotzen duten zergen gainean Eskoriatzari zenbatekoa dagokion galdetu zuen Zubizarretak, eta horren berri Ezkurdiak eman zuen: "Diputaziotik datorren diruaren aurreikuspena positiboa da, 80.000 euro inguru gehiago jasoko ditugu, aurreikuspenen arabera. Kantitate hori konfirmatzeko dago, eta berri ona da guretzat. Diru hori inbertsioetarako erabiliko dugu, eta ez gastu arruntetarako".

Datorren urterako aurrekontuak

Osoko bilkuran landutako gai guztiez gain, urtea hasi bezain pronto aurrekontuak onartuta izatea nahi dutela ere adierazi zuten alderdi jeltzalekoek: "Teknikariekin diru sarrera eta gastuen aurreikuspenak ikusten ari gara. Hurrengo batzorderako proposamena luzatzea da gure asmoa, beste alderdien proposamenak entzun, eta ahal den neurrian adostu, eta osoko bilkuran onartzea izango da azken pausoa", adierazi zuen Ezkurdiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak