Gipuzkoako ligako areto futboleko senior mailako emakumezkoek gaur hasiko dute denboraldia. Ordiziaren aurka izango dute lehenengo jardunaldia, Manuel Muñoz kiroldegian, 22:15ean.
Eskoriatzako neskek aurkari gogorren aurka lehiatu beharko dute denboraldi berriari hasiera emateko. Izan ere, Ordizia Bigarren Maila Nazionalean egon da hainbat urtez, eta, kategoria mantendu duten arren, uko egin diote mailari. Hori horrela, senior mailan arituko dira aurten, eta partidu gogorra aurreikusten dute etxekoek. "Talde ona dute, baina guk ere berrikuntzak ditugu. Izan ere, hiru fitxaketa egin ditugu aurten: bi kanpo jokalari, Goizane eta Ane, eta atezain bat, Nerea. Azken hau bueltan da, berriz, bi urtez Ordizian egon eta gero. Hala, taldean hamabi emakume ditugu: hamar jokalari eta bi atezain", adierazi du Ander Romero entrenatzaileak.
Entrenatzeko zailtasunekin
Manuel Muñoz kiroldegiko kantxan entrenatzeko aukera gutxi daude talde guztiek entrenatu ahal izateko, eta, horregatik, aire librean egin behar izan dituzte entrenamendu saioak iraileko lehen hiru asteetan Eskoriatzako neskek: "Hiru urtez, Aretxabaletako Ibarra kiroldegian izan gara entrenatzen, Eskoriatzan ez dagoelako ordu librerik. Hala, denboraldi honetan, Aretxabaletan ere ez dugu aukerarik entrenatzen jarraitzeko; izan ere, talde berriak sartu dira, eta, inongo azalpenik gabe, azken momentuan kalean utzi gaituzte. Hala ere, Eskoriatzako Udalak eman digu irtenbidea, eta ahal izan duten neurrian lekua egin digute; batez ere, Eskoriatzako Kirol teknikariari eskerrak eman nahi dizkiogu".
Hori horrela, entrenamenduak izango dituzte astelehenetan 21:00etatik 22:00etara eta eguenetan 19:45etik 20:45era.
Gonbidapena
Horren harira, lehenengo partidua ezohiko ordutegian izango duten arren, herritarrei kiroldegira joateko gonbidapena egin gura izan diete Eskoriatzako seniorrek, giro ederra aurreikusten baitute.