Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo den Euskaraldia 11 egun euskaraz ekimenerako izen-emateak hasi dira apurka-apurka egiten eskoriatzarrak. Dagoeneko 200 lagun batu dira egitasmora, eta ariketa behar bezala egiteko ahobizien eta belarriprest-en rolak beharrezkoak direla adierazi dute batzordekideek.
Zailtasunak identifikatu
Oraindik ekimenaren berri ez dutenentzat eta informazioa eskuratu nahi dutenentzat, Aholku-sortak izeneko bi saio izango dira. Bata, urriaren 22an, astelehenean, 18:00etan, kultura etxean, eta bigarrena, urriaren 24an, eguaztenean, ordu berean.
Ordubeteko saioak izango dira eta helburua da Euskaraldian izango diren zailtasunak identifikatu eta horiek aztertzea, formakuntza eran. Hala, Euskaraldira ondo prestatuta joateko helburuarekin egingo den ariketa berria da. "Gutxitan izan ditugu ele bitako elkarrizketak eta 11 egunetan horietan saiatuko gara. Beste herri batzuek egin dute lehenago, eta han izandako esperientziak kontatuko ditugu, izan dituzten arazoak identifikatuko ditugu eta partehartzaileei erremintak emango dizkiegu Euskaraldira indarrez eta ilusioz iristeko. Hori da asmoa; ez dakit lortuko dugun", adierazi dute batzordekideek.
Gazteentzako saioa
Gazteei Euskaraldiaren berri emateko saioa ere izango da, gaur, 19:30ean, kultura etxean. 16 urtetik gorako edozeinentzat izango da. Hamaikakoaren parte izango diren hainbat kide bertan izango dira; egitasmoaren nondik norakoak azaldu, euskarak Eskoriatzan eta herritarrengan duen garrantzia azpimarratzeko eta ekimenarekin bat egin dezaten eskatzeko.
'Belarriprest'-en beharra
Ariketa ondo irten dadin, ahobizi eta belarriprest profilak behar dira. Bata edo beste ez dago lotuta euskara gaitasunari, bakoitzak 11 egun horietan beteko duen jarrerari baizik.