Ehiza xeherako postu zozketa martxan da

Imanol Beloki Unamuno 2018ko urr. 18a, 17:35
Eskoriatzako ehiztariak.

Aldaype ehiza eta arrantza elkarteak antolatzen duen ehiza postuen zozketa urriaren 9an hasi zen, eta azaroaren 18ra arte iraungo du. Hori horrela, egunero, 18:00etatik 20:00etara bitartean, Intxaurtxueta 9ko etxabean egingo da banaketa.

Iritsi da ehizarako zaletasuna dutenek urte osoan zehar irrikan itxaroten duten garaia. Hau da, ehiza denboraldia. Goizean goiz, eskopeta, kartutxoak eta hamaiketakoa hartu eta goiz esnatzeko garaia izaten dena. Horrekin batera, dagoeneko hasi ditu Aldaype ehiza eta arrantza elkarteak postu zozketak.

Aldaype elkartearen egoitzan egunero batzen dira ehiztariak, Intxaurtxueta auzoko bederatzigarren atarian; astelehenetik egubakoitzera bitartean egiten da zozketa, 18:00etatik 20:00etara, eta postu onena lortzeko asmoz joaten dira guztiak. Egubakoitzetan, berriz, aste bukaerarako eta astelehenerako zozketa egiten dute, eta azaroaren 18ra arte izango ditu Aldaypek ateak zabalik. "Pasa den egubakoitzean, esaterako, 50 lagun etorri ziren zozketara, baina ez da kopuru handia. Aurrera begira, jende gehiago hurbilduko dela uste dut. Baliteke egun batzuetan batzuk postu gabe geratzea ere… Dena den, oraindik, hego-haizea ez da sartu asko gurera, eta ez dira usoak pasatzen ari. Ibili direnek, asko jota, lau edo bost birigarro ehizatu dituzte…", adierazi du Gerardo Canterak, Aldaype ehiza eta arrantza elkarteko kideak.

Ehizatzeko hegaztiak

Hegazti migratzaileen paseko garaia da orain, eta honako hegazti hauek ehizatu daitezkeela adierazi du Gerargo Canterak: "Birigarroak, usoak eta arabazozoak ehizatu daitezke garai honetan. Hala ere, arabazozo arrunt horiak ehizatzea debekatuta dago –Pseudoleistes virescens–, eta oilagorrak ere ezin dira postuetan ehizatu, ehizabarrutietan bakarrik".

Prezioak, ezberdinak

Eskoriatzan, bi lineatan lortu ahal dituzte postuak zozketara doazenek: batetik, Lete, Apotzaga eta Marin auzoetako lur-eremuetan dauden 87 postuetakoak; eta, bestetik, parke naturalean, Alabitan, batzen diren 77 postuetakoak.

Hori horrela, prezio ezberdinak ordaindu behar dituzte Aldaypeko bazkide direnek edo ez direnek. "Izen-ematea bi euro da, eta egokitutako postua beste bi euro ordaintzen du bazkide denak. Bazkide ez denak, berriz, eguneko izen-emateagatik lau euro ordaintzen ditu eta beste lau, postuagatik. Horrez gain, euren lurretan postuak dituzten jabeek %20az orekatu behar dute. Hau da: bost postu dituen lur-jabe batek postu bat berak erabiltzeko izango du"; berak aukeratutakoa izango da hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak