Dena prest dago Eskola Publikoaren jairako

Imanol Beloki Unamuno 2018ko urr. 8a, 09:50

Luis Ezeiza Herri Eskolako jaia, iaz.

Debagoieneko Eskola Publikoaren lehenengo jaia urriaren 20an izango da, Eskoriatzan, eta, lau gunetan banatuta, egitarau oparoa prestatu dute: dantzak, kontzertuak, tailerrak, herri bazkaria, antzerkiak eta kirola izango dira nagusi.

Aurten ospatuko da, lehen aldiz, Eskoriatzako Koldotxo Guraso Elkarteak eta Baikarak (Gipuzkoako Guraso Elkarteen Federazioa) bultzatuta, Debagoieneko Eskola Publikoaren jaia, eta, hain zuzen ere, Eskoriatzan izango da. Helburua eskola publikoa bultzatzea da.

Egitarau zabala prestatu dute, eta, eguna hasteko, harrera ekitaldia egingo zaie bisitariei. Horretarako, ikasle bat, guraso bat, Antonio Regaño Koldotxo Guraso Elkarteko presidentea eta Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkatea izango dira.

'Flashmob'-a prestatzen

Eguna girotzeko, Hezi eta hazi abestia dantzatuko dute, eta horretarako hainbat entsegu egin dituzte. Hurrengoa urriaren 17an egingo dute, 18:00etan, eskolako patioan. Hala ere, dantza ikasi nahi duenak aukera izango du horretarako, Luisezeizalhi.hezkuntza.net webgunean. Izan ere, bertan, koreografiaren bideoa dago ikusgai. Dantzak amaitzean, kalejira izango da, trikitilariek lagunduta, eta pankartak jarriko dituzte eskola aurrean.

Bailarako eskoletakoen bisita

Jaiarekin bat egiteko, bailarako eskoletakoak ere izango dira Eskoriatzan, bakoitza bere eskolako kamisetarekin: Kurtzebarri, Ipintza, Arrasate Herri Eskola, San Martin, Errekalde, Elgetako Herri Eskola, Antzuolako Herri Eskola eta Arrasate eta Bergarako institutukoak.

Aretxabaletako Kurtzebarri eskolatik batukada irtengo da Eskoriatzara bidean. Kirola ere izango da; izan ere, Gorosarri plazan, capoeira eta kenpo erakustaldia izango da. Luis Ezeizan, berriz, eslaloma bizikletekin eta saskibaloi eta hockey txapelketak izango dira, eta txikienentzat, aldiz, txapak egiteko eta aurpegiak margotzeko tailerrak izango dira, Jose Aranan.

600 pertsona bazkaritarako

Herri bazkaria 600 pertsonarendako izango da, Santa Marina plazan, eta paella mistoa izango da bazkaritarako. Txartelak eskolen bitartez ari dira saltzen, eta Eskoriatzan, Benta Motz Berri tabernan ere lortu ahalko dira, zortzi eurotan.

Gonbidapen mezuak

Luis Ezeizako haur, guraso eta irakasleek urriaren 20an egingo den jairako gonbidapen bideoa egin dute, hizkuntza ezberdinetan. Horrez gain, BocaBeats Comediakoek, Potx eta Lotx pailazoek eta Ameli Barquin Huheziko Kultura Arteko Hezkuntza irakasleak ere bat egin dute jaiarekin, eta hauen gonbidapen bideoak ere ikusgai daude Koldotxo Guraso Elkarteko Facebook orrialdean.

Horrekin lotuta, Jose Arana kalea itxita egongo da egun osoan, eta eguraldi txarra egiten badu plazan egiteko antolatuta dituzten ekintzak pilotalekuan egingo direla ere jakinarazi dute antolatzaileek.

Egitaraua

• 10:30 Harrera ekitaldia, plazan.

• 11:00 Flashmob erraldoia, plazan.

• 11:30 Tailerrak, Gernika plazan eta Jose Arana kalean.

• 11:30 Kirol txapelketak, Luis Ezeizan.

• 11:30 Kirol erakustaldiak, Gorosarri plazan.

• 12:30 Potx eta Lotx pailazoak, plazan.

• 13:00 Txerrikumeak eta Deskarga taldeen kontzertuak, gaztelekuan.

• 14:00 Herri bazkaria, Santa Marina plazan.

• 15:30 Umeentzako antzerkia, Zaldibarren.

• 16:00 BocaBeats Comedia, plazan

• 17:15 DJ Moto, plazan.

• 19:00 Zea Mays, Luis Ezeizan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak