Bost eremu izan zituen atzo Eskomotor taldeak antolatuta Torrebason egindako 4x4 trial erakustaldiak. Lur eremua da azkenaldian kezka iturri eta iaz, esaterako, ez zen proba jokatu. Aurten aurreko urteetan baino eremu txikiagoan egin da, eta nahiz eta txiki gelditu antolatzaileek balorazio oso positiboa egiten dute. "Proba oso polita irten zen. Publikoa gustura egon zen eta pilotuek ere gustura ibili ziren adierazi digute", esan du antolaketa taldeko Xabier Oñederrak.
"Eremu handiagoa beharko genuke; izan ere, zaletasun handia dago eta atzo ere jende ugari gerturatu zen proba ikustera. Azkenean 25 autok hartu uzten parte eta lur eremu barruan zirkulazioa antolatzeko lanetan ibili behar izan genuen, baina konpondu ginen", azaldu du Oñederrak.
"Etorkizunera begira lur eremu handiago bat lortu beharko genuke", gaineratu du Ibon Aranburuzabalak. "Probak jendea erakartzen du eta arriskutsua ere izan daiteke hainbeste lagun lur eremu txiki batean pilatuta egotea".
Parte-hartze handia
Oñatitik eta Gasteiztik auto gidari ugari gerturatu ziren Torrebasora, atzo. Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzatik ere bai, noski.
Bi modalitate ibilgailuek egin zuten erakustaldia: errepidean ibili daitezkeenak eta hibridoak edo prototipoak. Zehatz esateko matrikulatutakoak hamalau izan ziren eta prototipoak hamaika.
Sei sari banatu zituzten antolatzaileek, kategoria bakoitzeko hiru. Proban berdinketa handia egon zela adierazi dute.
Amaierako sari banaketan Aretxabaletako Joanes Bazterrikak jaso zuen matrikulatuetako lehen saria eta Marulandako Mikel Fernandez de Arroiabek egin zuen hirugarren. Prototipuetan, berriz, Javier Galar nafarrak jaso zuen lehenengo saria eta Xabier Oñederra aretxabaletarrak hirugarren egin zuen.