4x4 trial erakustaldia, zapatuan, Torrebason

Imanol Beloki Unamuno 2018ko urr. 5a, 09:12
Apotzaga auzoan egindako 4x4 trial erakustaldia

Esteibar baserriaren eta argi-transformadorearen arteko lur-zatian egingo da hamaikagarren 4x4 trial erakustaldia. Azken urteetan baino eremu txikiagoa izango da aurtengoa, eta, guztira, hogei auto arituko dira erakustaldia egiten

Trialzaleek hitzordu garrantzitsua izango dute bihar, zapatua. Izan ere, Eskomotor taldeak antolatuta, Eskoriatzako hamaikagarren 4x4 triala izango da; aurten, Torrebasoko poligonoan egingo da, arratsaldeko hiruretan hasita.

Azken urteetan, Apotzaga aldean egin izan dute erakustaldia, baina aurten, Torrebason batuko dira 4x4 autoak, Esteibar baserriaren eta argi-transformadorearen arteko lur-sailean. Beste urte batzuetan egin diren lekuekin alderatuz, hogei autoko muga jarri dute erakustaldia eskaintzeko, eremu txikiagoan egingo dute eta. Honela adierazi du Xabi Oñederrak, Eskomotor taldeko kideak: "4x4 trialarekin hasi ginenean, Bolibarren egin genuen erakustaldia, eta urte askoan Apotzaga auzoan egin izan dugu. Leku ederra dugu han ibilbidea nahi dugun erara prestatzeko, baina lanak egiten ari dira, lurra ekartzen… Beraz, eskatu dugun arren, ez digute baimenik eman. Hala, arrozoi beragatik, iaz ez genuen antolatu. Oraingoan, eremu txikiagoan egingo dugu erakustaldia, ez dugulako beste aukera edo proposamenik jaso, eta parte-hartzaile kopuru muga jarri behar izan dugu".

Bi modalitatetako ibilgailuak

Egubakoitzean atonduko dute Torrebasoko eremua, eta zailtasun askotariko eremuak jarriko dituzte bertan; 4 edo 5 izango direla aurreikusten dute antolatzaileek, parte hartuko duten ibilgailu guztiek egiteko modukoak, hain zuzen ere. Hala, hainbat gunetan zehar, maldan gora eta behera bi motatako ibilgailuak arituko dira errubera erraldoiekin. Batetik, errepidean ibili daitezkeenak direnak; eta, bestetik, aldaketa handiak dituzten ibilgailuak, hibridoak direnak.

Sarrera bi euro da eta bertaratzen diren pertsona guztiak sartuko dira zozketan.

Leku baten beharrean

Aurten, leku aldaketa da berritasuna 4x4 trialean, eta, antolatzaileak pozik agertu diren arren, aurrera begira eremu finkoa izatea gustatuko litzaiekeela adierazi dute. "Aurtengo erakustaldirako badugu eremua. Ez da oso handia, baina eskertuta gaude lur-jabeak utzi izanaz. Edozelan ere, terrenoa duen edonor edo proposamenen bat egin nahi diguna eskuak zabalik hartuko dugu, eta etor dadila guregana, ongietorria izango da. Horrekin batera, zapatuan trialera etortzeko gonbidapena egin nahi dugu, erakustaldi ederra izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak