Bidegi foru elkarteak martitzen honetan hasi ditu Eskoriatzan AP-1eko Apotzaga zubibidearen drainatze sistema egokitzeko eta hobetzeko lanak. Aurrekontua 9.000 euro gehi BEZa da, eta lanek bi aste inguruko iraupena izango dutela aurreikusten dute.
Kanalizazioa egokitu egingo da, honela, ur-isurketaren indarra baretzeko eta euri handiko egunetan gainezka egitea eta lokatza eta harriak errepideraino ailegatzea saihestuz. "Aspaldiko kontua da. Euri asko egitean, Intxaurtxueta eta San Pedrora ur asko iristen da. Hori horrela, Bidegirekin harremanetan jarri ginen, eta, lanak amaitzean, egoera hobetu egingo delakoan gaude. Zehetasun zehatzik ez daukagu, baina asmoa arketa berri bat jartzea da, hala, azkar jaisten den ura sarera bideratzeko", adierazi du Josu Ezkurdiak, Eskoriatzako Mugikortasun eta Hirigintzako batzordeburuak.
Aurrekariak saiheste aldera
Irailaren 9an, ekaitzak eurijasa gogorrak ekarri zituen ibarreko herrietara, eta, zenbait kasutan, zirkulazioa oztopatu zuten. Eskoriatzan, esaterako, herriko sarbidean, Intxaurtxuetan ur asko pilatu zen, Apotzaga auzotik behera jausi zen urarengatik. Hala, aurrera begira hainbeste ur pilatu ez dadin egingo dituzte lanok. "Domeka hartan, lehenbailehen jarri ginen lanean udal langileak, eta baita Diputazioko langileak ere, eta, zorionez, gertatutakoa segituan konpondu ahal izan genuen, ura kendu, eta errepidea garbituz. Hala, Apotzagako zubibideko lanak amaitzen dituztenean gauzak hobetu egingo direlakoan gaude. Hala ere, ea nolako negua egiten digun", adierazi du Ezkurdiak.
Bidegorri zatiko puntu beltza
Apotzagako puntu horrez gain, Eskoriatzatik Aretxabaletarainoko bidean ere hainbat lurjausi izan dira, euri asko egin izan duenean. Hori horrela, Eskoriatzan egin duten azken lana Intxaurtxuetako zubiaren eta Olazarreko tunelaren arteko bidegorri zatikoa izan da. Gipuzkoako Foru Aldundiak horma egonkortzeko lanak egin ditu bertan. Hormigoizko blokeak jarri zituzten, eta ezpondari eusteko horma ere jarrita, bertatik pasatzen direnen segurtasuna bermatzen dute horrela. "Bidegorriko zati horretan, Apotzagan dugun arazo bera genuen. Eskoriatza eta Aretxabaletako eremuan mendia behera erortzen zen euria egitean, eta, lanak amaitzeko pixka bat falta den arren, eremu hori ere oso ondo utzi dute".