Beñat Illarramendi, Unai Iñurrategi, Naiara Ezeiza, Maria Abeijon, Arantxa Igartua, Antonio Regaño, Maite Santamaria, Martin Perez, Jose Mari Kortazar, Inma Murillo eta Jaione Fernandez de Jauregi dira Eskoriatzako hamaikakoa osatuko dutenak.
Euskaraldia, 11 egun euskaraz ekimena azaroaren 23tik abenduaren 3ra gauzatuko da Euskal Herri osoan eta ekimena antolatzen buru-belarri dihardu herritarrez osatutako batzorde batek. Hamaikakoa, berriz, Euskaraldia babesten duten hamaika pertsonak osatzen dute, eta euren babesarekin adierazten dute Euskaraldian parte hartuko dutela; ahobizi edo belarriprest rola jokatuko dutela 11 egun horietan eta Eskoriatzan Euskaraldiaren zabalpenean enbaxadore lana egingo dutela.
Batzordearen inplikazioa
Eskoriatzako batzordeak profil askotariko herritarrak aukeratu ditu Euskaraldiaren hamaikakoa osatzeko. Horrez gain, hainbat hitzordu antolatzen dihardu: mahai informatiboak jarriko dituzte egun batzuetan Fernando Eskoriatza plazan; urriaren 28an, Ttak bakarrizketa saioa izango da; Euskaraldian izena ematen dutenen artean giltzatakoak banatuko dituzte Parte hartuko dut esaldiarekin, eta abar.
Izen-ematea zabalik dago
Hamaikakoa aurkeztuta, atzo zabaldu zuten Euskaraldian izena emateko epea. Izena ematen duenak Euskaraldian parte hartzen duela adieraziko du. Hala, norbanako bakoitzak rol bat hartuko du; ahobizi edo belarriprest-arena, eta azaroa erdi aldera banatuko dituzte horiendako txapak. Hainbat lekutan eman daiteke izena, eskuorri bat betez, eta honako leku hauetan egongo dira: udaletxean, liburutegian, kiroldegian, ikastetxeetan eta euskaltegian. Online bidez egin nahi duenak ere aukera izango du horretarako: Izenematea.euskaraldia.eus webgunearen bidez egin ahal izango da.