Zapatuan 15:00etan hasiko da, eta bertan, hainbat motatako gotibeherak izango dira: drift trike, pneumatikoak, arinak, errodamenduak… Prestaketa lan guztiak eginda, ibilgailuen egiaztapenak 14:00etan egingo dira Intxaurtxueta auzoan, eta Euskal Ligarako puntuagarria izango den txapelketa izango da, gainera. "Anbulantzia eta medikuak lortzea izan da zailena; izan ere, azken momentuan lortu ditugu; baina, hori konponduta, egunerako dena prest dugu. Orain, eguna heltzea eta eguraldia lagun izatea soilik geratzen zaigu", adierazi du Jose Angel Urrutiak, Eskoriatzako Goitibehera Zaleak taldeko kideak.
Parte-hartzea jaitsi egin da
Iaz, ia 100 pilotuk hartu zuten parte Eskoriatzako jaitsieran, eta, aurten gutxiago aurreikusten dituzten arren, bertan egongo den lasterketan eta giroan ez duela eragingo adierazi du Urrutiak: "Parte-hartzea jaitsi egingo delakoan gaude. Izan ere, Euskal Ligan, orokorrean, kopuruak jaitsi egin direla jabetu gara. Halakoak moda kontuak izaten dira… Oraingoz, 40 lagun inguruk eman dute izena, baina azken unean emango dute izena askok, seguru".
Eskerrak guztiei
"Gure taldekoez gain, beti behar izaten dugu boluntarioen laguntza, eta baita babesleena ere. Erremonte lanetan ibiliko direnak, komisario lanetarako behar izaten ditugunak… Horrez gain, Udala ere oso ondo portatu da gurekin, bai ekonomikoki eta baita eskatu diogun beste hainbat gauzatarako".