Euskal dantza ikastaroa, helduen taldea sortzeko

Imanol Beloki Unamuno 2018ko ira. 14a, 13:32

Beheko Errota musika eskolak kudeatuko duen ikastaroa urritik ekainera arte izango da, eta izen ematea zabalik dago. Herriko dantzari izandakoek sustatutako ekimena da, eta dantza egiten jarraitzeko helburuarekin antolatu dute.

Eskoriatzan izandako Gorosarri dantza taldean ibilitako hainbatek sustatuta, helduen dantza taldea osatu nahi dute. Horretarako, helduentzako euskal dantza ikastaroa antolatu dute, urritik ekainera arte. Saioak, berriz, astelehenetan edo eguaztenetan izango dira.

Pena eman zigun taldea uzteak herriko hainbat dantzariri, eta gure helburua dantzan egiten jarraitzea da. Gure aldetik taldea sortzea ezinezkoa zela iruditzen zitzaigun, eta, horregatik, musika eskolakoek kudeatuko dute ikastaroa", adierazi du Idoia Iñurrategik, ikastaroaren sustatzaileetako batek. Hain zuzen ere, Ibone Arrieta irakasleak gidatuko du ikastaroa. Hutsetik hasi nahi dutenei eta euskal dantzen jakintza dutenei egongo da zuzenduta".

Adin batetik aurrera, talde barik

Beheko Errota musika eskolak gaztetxoen dantza taldea kudeatzen du. 6 eta 16 urte arteko 40 neska-mutiko ari dira, eta talde sendoa da. Nagusiagoak, bestalde, talde barik geratzen direla adierazi du Iñurrategik: "Eskoriatzan badira 17 urte inguru dauzkaten hainbat dantzari, eta ezer barik geratzen dira. Beraien irtenbidea beste herri bateko talde batera sartzea edo dantzak uztea da, eta horri buelta emateko eta dantzan egiten jarraitzeko sortu dugu ikastaroa".

Nondik norakoak, gero

Izen-ematea zabalik dago, eta irailaren amaieran erabakiko dute nola egingo duten ikastaroa. "Beharbada, bi talde egingo ditugu; euskal dantzak egiten hutsetik hasi nahi dutenekin eta dantzak dakizkitenekin. Agian, denok batera egingo dugu… Izen-emate kopurua ikusi beharko dugu lehenengo, nola egin erabaki aurretik. Hala ere, dantzan urte asko ibili ginenok ere dantza batzuk ahaztuak ditugu, eta hasieratik hasi beharko dugu bere egunean dantzariak ginenok".

Izen-ematea, musika eskolan

Taldea irail amaierarako osatuta izatea nahi dute. Hala ere, urtean zehar izena eman nahi duenarentzat ere, zabalik egongo da ikasturte osoan. Ikastaroaren prezioa 25 euro da hileko, eta izena emateko Beheko Errota musika eskolara joan beharko da, honako ordutegi honetan: astelehenetik eguenera 16:00etatik 19:00etara bitartean eta ostiraletan 16:00etatik 18:00etara bitartean. 

Informazio gehiago eskuratu nahi duenak Beheko Errota musika eskolara dei egin dezake, 943 71 49 95 telefonora.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak