Narciso Pavo: "Erronka honi aurre egiteko gogoz nago"

Imanol Beloki Unamuno 2018ko ira. 7a, 09:54
Narciso Pavo, Eskoriatzako Manuel Muñoz kiroldegian. Eskoriatza K.E

Eskoriatza Kirol Elkartean ahal duen neurrian laguntzen jarraituko duen arren, Maila Nazionaleko Laskorain taldeko entrenatzaile berria izango da denboraldi honetan.

Eskoriatza Kirol Elkarteko erreferenteetako bat da Narciso Pavo eskoriatzarra. Klubeko zuzendaritzan urte asko daramatza, eta oraindik erabaki batzuk hartzen eta hainbat ardurarekin jarraituko duen arren, bide berri bati ekingo dio. Izan ere, orain dela gutxi, Maila Nazionaleko bigarren mailan ari den Laskorain B taldeko entrenatzaile izatea eskaini zioten, eta, hala, ibilbide berriari hasiera emateko gogoz dago.

Nola eskaini zizuten Laskorain B taldearen entrenatzaile izatea?

Bitxia izan zen. Oporretan, festan geundela esan zidaten entrenatzaile baten premia zutela. Hala, etxekoekin eta Eskoriatza Kirol elkarteko kideekin hitz egin ondoren, guztiek animatu ninduten baiezkoa emateko.

Eskoriatzatik, maila nazionalean dagoen bigarren mailako talde bat koordinatzera; salto handia da, ezta?

Bai; Eskoriatzako taldea jarraitzen eta eskatzen didaten guztian laguntzen segituko dudan arren, ikasten jarraitzeko eta erronka honi aurre egiteko prest nago. Erronka zaila izango da, helburua taldea mailaz igotzea izango baita, baina aukera zoragarria da. Talde gaztea da, 20-24 urte bitarteko gazteak daude, maila oneko jokalariak, eta, ilusio handiarekin daudenak. Horrez gain, elkarlanaren aldeko apustua egingo dugu. Izan ere, Eskoriatzako talde guztietako atezainak Laskoraineko atezainekin batera entrenatuko dira.

Eskoriatzan ardura gutxiago izango dituzu orain, agian, baina atzeko lana egiten jarraituko duzu, ezta?

Manuel Muñozen garaitik, areto futbol taldea sortu genuenetik izan naiz Eskoriatzako Kirol Elkartean; batez ere, areto futbolean buru-belarri. Ordutik hona, ibilbidea luzea izan da, eta gaur egun ditugun maila ezberdinak ikusita, emakumeen taldea sortu izanaz eta gaur egun areto futbol eskolan egiten ari garen lanaz oso harro nago. Horrez gain, beti egongo naiz Eskoriatzako zuzendaritzan laguntzeko prest, eta kargu banaketa berria eginda, gogoz ikusten ditut elkarteko gazteak. Uste dut lan bikaina egingo dutela, gainera, atzetik datozen gazteei ardura eta lana ematea ondo dagoela uste dut. Urte asko daramatzagunok ez dugun bizitasuna, positibismoa, eta gauza berriak egiteko gogoa oso garrantzitsua da, eta handicap hori dute beraiek.

Pasa den astean, hiruko txapelketa izan zen Manuel Muñozen. Giro ederra izan zenuten bertan, ezta?

Bai, nahiz eta sentsazio berezia izan nuen. Izan ere, Laskorain taldeko entrenatzaile moduan izan nintzen, eta lagun artean talde berria ezagutzeko, Eskoriatzako taldea nola dagoen ikusteko eta partidu bikainez disfrutatzeko aukera izan genuen Manuel Muñozen jokatutako txapelketan. Intentsitate handiko partiduak izan ziren, eta Laskorainek zein Eskoriatzak maila horretan jokatzen badute aurtengo denboraldian, emaitza onak lortuko ditugulakoan nago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak