Abuztuan indusketa lanak egiten izan dira hainbat boluntario Atxorrotxen, Iñaki Sagredo arkeologoaren gidaritzapean. Bi astez, Nafarroako Erreinuko gaztelua izan zenaren dorrearen aztarnaren bat aurkitzeko itxaropenaz aritu dira aurten. Egindako ustiaketa eremuak tapatu egin dituzte, baina, horrez gain, auzolanean hainbat lan egiteko dei egin dute Atxorrotx Kultura Elkarteko kideek.
Lehentasuna, ermitako teilatua
09:30ean batuko dira nahi duten herritarrak Atxorrotx mendiko zelaian. Gurutze Santuaren ermitako teilatua konpontzea izango da lanetako bat. Horrez gain, inguruko belar txarrak kenduko dituzte, eta irailaren 15ean, Errekan Gora jaialdiaren barruan izango den Atxorrotx mendiko festarako lekua atontzeko ere aprobetxatuko dute.
Atxorrotxeko festa
Irailaren 15ean, Errekan Gora jaialdiari amaiera emateko Atxorrotxeko gazteluaren festa izango da. 09:30ean, txistularien kalejira izango da, eta 10:30ean, Atxorrotx mendira igoera hasiko da Eskoriatzako eta Gatzagako plazetatik. 12:00etan, harrera eta bisita gidatua izango da, 12:30ean ekitaldia, eta ostean, dantzariak izango dira. 13:15ean, berriz, Lore Kolore pailazoak ikuskizuna eskainiko du, eta 14:30ean, The Potes taldea igoko da oholtzara. 16:30ean, berriz, Zopilotes Txirriaus talde nafarrak eskainiko du kontzertua, eta egunari amaiera emateko, DJ DZren (Esne Beltza) emanaldia izango da Inkernu taberna kanpoaldean.