Doinu goxoez betetako kantuekin etorriko da gaur Izaro Andres musikari mallabitarra Eskoriatzara. Musika intimoa eskainiko du, bere ahots bereziarekin; zalantza barik, bertaratzen diren entzuleak harrapatuko ditu. Emanaldia 22:30ean izango da, Zaldibar antzokiaren kanpoaldean.
Atxorrotx Kultura Elkarteak antolatutako Errekan Gora musika jaialdiko laugarren emanaldia izango da Izarorena, eta hala emango diote aurtengo edizioari amaiera. Orain arte, Willis Drummond, The Farra Marching Band eta Alai abesbatza izan dira, eta uztaileko egitaraua mallabitarraren kontzertuarekin itxiko da. Hala ere, irailaren 15ean, Atxorrotx mendian festa egingo dute. Zopilotes Txirriaus taldea, umeentzako gunea eta beste hainbat musikari izango dira bertan, besteak beste.
Hutsik egin gabe
Ez da lehenengo aldia Izaro Andres musikaria Eskoriatzara datorrena. Izan ere, duela bi urte Inkernu tabernan eskaini zuen emanaldia, eta, izan zuen arrakastarengatik, aurtengo Errekan Gora egitarauan ezin zuela hutsik egin erabaki zuten antolatzaileek. Hala, gaurko saioan, Izaro bere bandarekin batera izango da oholtza gainean. "Emanaldi ederra aurreikusten dugu, gainera, Zaldibar antzoki kanpoko eremuak oso ondo funtzionatzen duelako. Iaz, El trio de Medianoche taldea izan zen, eta duela bi urte, Maialen Errotabehere, eta bi kontzertuak oso ondo egon ziren. Gainera, eguraldi txarra badugu, antzokia ere bertan izango dugu, aterpea behar izanez gero".
Bi diskoetako kantak eskainiz
Om eta Eason diskoetako kantuak eskainiko ditu Izarok, eta, harekin batera, Oriol Flores, Iker Lauroba, Julen Barandiaran eta Garazi Esnaola musikariak igoko dira oholtzara. Eider, Tu escala de grises, La Felicidad, Koilarak, Paradise, Honey eta halako kantu bikainak eskainiko ditu Izarok.