Hiru aste iraun dute udalekuek, eta sekulako arrakasta izan duten ekintzak gauzatu dituztela adierazi du Asier de la Flor koordinatzaileak: "Egitarauko hainbat hitzordu egunez aldatu behar izan ditugu eguraldiarengatik, baina, orokorrean, udalekuen balorazio positiboa egiten dugu. Martitzen honetan, Lexargaraten izan ziren Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako haurrak; Haur Hezkuntzakoak, berriz, Gasteizen, Salburuko Galeon Pirata Akuan izan ziren. Hainbat urtetan egin izan dugun Zikinen jolasa, aurten, Holi fest erara gauzatu dugu. Hau da, tenperekin bata bestea zikinduz… Horrez gain, Urkulura irteerak, Uraren Eguna… ere izan ditugu".
Trukean, harrituta
Begiraleek adierazi dute sekulako abilezia erakutsi dutela haurrek trukerako. Izan ere, Master Chef jolasean eta sukaldeko ekintzan, trukea erabili dute ekintza gauzatzeko. Esaterako, boligrafo bat emanez, osagaiak lortu behar zituzten…: "Patata batekin, Pates Zubiara joan eta patea ekarri zuten; gero, Anduaga Pentsuetatik arran bat; eta, ostean, dokean aritzeko jostailu bat ere lortu dute… Gu harrituta geratu gara".
San Fermin berezia
San Fermin egunaren ospakizunak ere ez du hutsik egin aurtengo udalekuetan. Hala ere, urterokoa egin beharrean, hau da, zezenetara mugatu beharrean, San Fermin santuaren berregitea egin dute. "Santua gurtzeko eskaintzak bilatu behar izan dituzte haurrek, Santa Marina plazan zezen-plaza jarri dugu… Aldaketak, arrakasta izan duelakoan gaude".
Begiraleen ekarpen bikainak
Urtero daude begiraleen arteko aldaketak, eta, koordinatzaileen arabera, aurtengo begiraleek egin dituzten "ekarpenak positiboak izan dira", eta ondo irten direla gaineratu du Asier de la Florrek.