Urduritasuna, kontzentrazioa, espektatibak asetzeko presioa... antzerki obra berri bat estreinatzeak guzti hori dakar. Baina, antzerki taldearen lehen emanaldi luzea dela eta herritarren aurrean antzezten dutela gehituz gero, egoera horiek oraindik eta muturrekoagoak izan daitezke.
"Urduri geunden, egia da. Baina gauzak ondo egiteko gogo itzela genuen, eta lortu genuela uste dut. Jendearen berotasuna eta esker ona jaso genituen, eta egia esan, hitzez ezin dugu adierazi atzo jasotakoak zenbateraino hunkitu gintuen".
Bederatzi antzezle eskoriatzarrek ematen diote bizia Desbloqueadas antzerkiari. "Zortzi emakume dira progonistak, bakoitza bere beldurrekin eta blokeoekin. Baina, proiektu bateratu bat aurrera eramateko elkartzen dira, eta horri esker norbere mugak gainditzen dituzte".
"Txalo zaparrada itzela jaso genuen, eta gure espektatibak guztiak gainditu genituen. Oso eskertuta gaude Udalak eta kultura sailak eman diguten laguntzagatik. Eta batez, eskoriatzarren partez jaso dugun babesagatik. Milesker denei!".
Duela hiru urte erein zuten atzoko hazia. Antzerki tailer gisa sortu zen taldea, 20 lagun ingururekin. Pixkanaka taldekide kopuruak behera egin zuen, baina geratu ziren horiek seriotasunez eutsi zioten proiektuari. Hala, duela urtebete hasi ziren Desbloqueadas lanari forma ematen, eta atzokoan ikusi zuen argia. "Atzokoan jaso genuen babesak indarra eman digu, eta orain obra beste leku batzuetan zabaltzea nahiko genuke. Hala ere, merezitako atsedenaldia hartuko dugu, oporrekin batera".