Dantza eta kalitatezko musika kaleetan zehar

Imanol Beloki Unamuno 2018ko uzt. 12a, 15:18
The Farra Marching Band.

The Farra Marching Band taldea bihar izango da Eskoriatzan. Saxofoiaz, tronboiaz, helikoiaz eta perkusioaz osaturiko laukoteak dibertsioa eskainiko du. 19:30ean hasiko dira herriko kaleak zeharkatzen, eta, deskantsu baten ostean, 22:30ean berriz izango dira

Jendearekin interakzioa bilatuko dute Eskoriatzako kaleetan, dantza egiteari utzi ez diezaioten. Brass band talde peto-petoa da, talde txiki baten moldakortasunarekin, baina banda handi baten indar eta energiarekin. Jazz, funk eta blues doinuz betetako piezak eskainiko dituzte, besteak beste, kalitatezko musika eskainiz. Esperientzia duten musikariak dira, gainera, jatorrizko errepertorioa eta estandar handien bertsioak jotzen dituztenak. "Lehenengo aldiz ekartzen dugun taldea da, ibiltaria dena. 19:30ean, kaleetan zehar ibiliko dira, eta, afaldu ostean, 22:30etik 23:30era, Fernando Eskoriatza plazan, jendea terrazetan egongo dela aprobetxatuz, leku finko baten jarraituko dute", adierazi du Iñaki Kortazarrek, Atxorrotx Kultura Elkarteko kideak.

Leku aldaketa, positiboa

Errekan Gora jaialdiko lehen hitzordua pasa den zapatuan izan zen. Willis Drummond taldeak Gernika plazan jo behar zuen, baina, eguraldi iragarpena ez zenez hain ona, antzokian egitea erabaki zuten antolatzaileek. "Emanaldi arrakastatsua izan zen, eta antzokian izatea eskertu egin zuen jende askok, intimoagoa delako. Guztira, 160 pertsona inguru izan ziren, eta taldekideak oso pozik geratu ziren, baita gu ere".

Aurrera begirakoak

Uztailaren 20an, Bergarako Alai abesbatza izango da Ibarraundin; uztailaren 27an, Izaro izango da antzoki kanpoan; eta, amaitzeko, irailaren 15ean, Atxorrotxeko jaia izango da –oraindik egitaraua osatzen ari dira–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak